Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek probintzia dute mugitzeko muga gaurtik

Erabiltzailearen aurpegia

Astelehenarekin, konfinamendua arintzeko hainbat neurri indarrean sartu dira; esaterako, 10.000 biztanletik beherako herrietan ez da ordutegirik egongo jarduera fisikoa egiteko.

Konfinamendua arintzeko lehen fasean dago Hego Euskal Herria; Espainiako Gobernuak onartzekotan, gaur zortzi igaro liteke bigarren fasera. Haatik, 1. fase horretako neurri batzuk arinduko zaizkie gaurtik Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako biztanleei.

Esaterako, 10.000 biztanletik beherako udalerrietan kendu egingo dute soilik ordutegi jakin batzuetan kalera irteteko agindua. Ordutegi horiek maiatzaren 2an ezarri zituzten, konfinamendutik pixkanaka ateratzeko, eta 5.000 biztanletik gorako herri eta hirietan egon dira indarrean azken asteetan. Guztira, 36 udalerritako biztanleei eragingo die neurria bertan behera uzteak.

Tamaina horretatik gorako herrietan ez dago aldaketarik: 06:00-10:00 eta 20:00-23:00 tartea ariketa fisikoa egiteko edo paseatzeko, 12:00-19:00 tartea 14 urtetik beherakoentzat, eta 10:00-12:00 eta 19:00-20:00 tarteak 70 urtetik gorakoentzat eta menpekotasunak dituztenentzat.

Ipar Euskal Herrian, konfinamendua arintzen hasi zirenetik ez dute izan kalera irteteko ordutegirik, baina bai kirola egiteko: ezin dezakete kirolik egin 10:00etatik 19:00etara bitartean, merkataritza ordutegiarekin bat ez egiteko. Gainera, Lapurdiko kostaldean hondartzak zabaldu dizkiete asteburuan.

Joan-etorriak, probintzian

Bestalde, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek bizilekua duten udalerrian eta ondokoan bakarrik egin zitzaketen joan-etorriak, baina probintzia osoan ibili ahal izango dira gaurtik aurrera. Maiatzaren 11tik aurrera, lagun edo senideekin ere gelditzea posible dute Lapurdiko, Nafarroa Behereko, Zuberoako herritarrek —100 kilometroko erradioan eta muga igaro gabe— eta Nafarroakoek —probintzia barruan bada—.

Gainera, 400 metro koadroko azalera baino gehiagoko saltokiak ere zabaldu ahalko dira gaurtik, baina saltzaileek espazioa egokitu beharko dute, 400 metro koadro baino gehiago ez edukitzeko irekita.

Beste esparru batzuetan ere malgutuko dituzte neurriak; besteak beste, gaurtik aurrera ordua har daiteke Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean herritarrei arreta emateko zerbitzuaren bulegoetara joateko.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!