Herrira iritsi eta berehalako laguntza

Erabiltzailearen aurpegia Enekoitz Esnaola 2019ko abe. 25a, 13:01
Maite Aranalde, Juan Miguel IpiƱa, Juan Karlos Ioldi eta Kepa Etxeberria, hilaren 16an, Pasaian. ANDONI CANELLADA / FOKU / BERRIA.EUS

Harrera elkarte asistentzialak laguntza mota desberdinak ematen dizkie euskal preso eta iheslari ohiei; esate baterako, Juan Miguel Ipiñari, Maite Aranalderi eta Kepa Etxeberriari. Estimatzen dute sostengua.

Luis Miguel Ipiña, Maite Aranalde eta Kepa Etxeberria dira Harreraren laguntza jasotzen duten euskal iheslari eta preso ohietako hiru. Ipiña (Donostia, 1951) iaz Mexikotik Euskal Herrira itzuli zen, eta Aranalde (Ibarra, Gipuzkoa, 1982) eta Etxeberria (Errenteria, Gipuzkoa, 1975) aurten atera dira kartzelatik. Hirurek «estimatzen» dute elkarte asistentzialaren laguntza. «Hari esker irauten dut nik», aitortu du Ipiñak. Kasu gogorra da harena: kasik ez du familia sostengurik, ahalmen ekonomiko urria dauka, eta osasun arazoak ditu. Harrerak alokairuan ordaindutako etxe batean bizi da, Pasaian (Gipuzkoa), Pasai Antxo barrutian. Hantxe egin du juntadizoa Etxeberriarekin eta Aranalderekin eta Juan Karlos Ioldi Harrerako kidearekin.

Arrazoi politikoak tarteko, Ipiñak 1980ko urrian egin zuen ihes etxetik, Ipar Euskal Herrira. Abenduan Mexikora joan zen, 1982an berriro Iparraldera itzultzeko. Bueltatu zen egun berean atxilotu egin zuen Frantziako Poliziak, baina ordu gutxira libre geratu zen. 1983an, berriz ere Mexikora. Han egon zen duela hamalau hilabete arte, Guatemalako hiru eguneko egonaldi batean salbu. Zazpi urtean taberna batean egin zuen lan, eta, bestela, taxilari moduan, bietan ere kotizatu gabe ia. Erretiroa hartzean, Mexikok ordainsari bat eman zion lan urteengatik, «baina ez zen diru asko izan», dio iheslari ohiak. «Dirua bukatzen ari zitzaidan, eta Euskal Herrira itzultzea erabaki nuen». Iazko urrian etorri zen. Sasira joan aurretik, itsasoan dozena bat urtean egin zuen lan, kontratuarekin, eta orain nahi duena da Mexikon kotizatu zuena batu eta pentsio bat jasotzea hemen. Zenbateko pentsioa lukeen jakiteko eskaera bat egina du, eta erantzunaren zain dago.

Ecatepec de Morelosen bizi izan zen, batik bat. Ez du familiarik Mexikon. Ez zuen harreman handirik egin beste iheslariekin eta euskal herritar edo euskal jatorriko lagunekin. Familia badu hemen, «baina bakoitzak bere bizimodua du». Ez dauka kontakturik garai bateko lagunekin. Larunbatero ateratzen da ezagun batekin buelta bat ematera; bestela, etxean. «Diabetesa dut, eta ezin naiz asko ibili». Astean bitan joaten da medikuarengana, Donostiara, hankako zauriak sendatzera. Tentsio arazoak ere baditu; «osasun azterketa baten ostean, jada nahiko kontrolatua daukat».

«Harreraren laguntza ekonomikorik eta humanorik gabe, ez dakit zer egingo nukeen, egia esan», azaldu du Ipiñak. «Oso ondo hartu ninduten hasieratik, gertuko sentitzen ditut, eta ahal duten denean laguntzen didate».

Idazteak ematen dio poza. Liburu bat aurkeztu berri du: Diana quiere libertad (Askatasuna nahi du Dianak). «Drogatu egin zen neska bati buruzkoa da. Autoedizioan egina da, eta saiatuko gara dendetan sartzen; ea zerbait ateratzen dudan. Gustukoa dut idaztea. Gainera, entretenitu egiten nau». Mexikon blog batzuetan-eta ere idatzi zuen. Behin, pertsona batzuen desagerpen kasua aipatu, eta atzeman egin zuten, 2011n. Beste testu batean «terrorismoaren apologia» egin izana egotzi zioten, eta Madrilen auzi bat irekia du: Espainiako Auzitegi Nazionalak epaiketarako eguna jarri zain dago. Haren osasun egoera dela-eta, epaileak erabaki zuen oraindik ez jartzea hitzordua. Bitartean, hamabostean behin zaintza epaitegira sinatzera joan behar izaten du, Donostiara.

Etxekoei karga kentzea

Aranaldek eta Etxeberriak ere berehala izan zuten ondoan Harrera. «Ni gauez iritsi nintzen Ibarrara, eta hurrengo goizean Ioldiren telefono deia nuen», dio Aranaldek. «Esan zidan hartzeko boligrafoa eta papera, bilera eguna apuntatzeko. Ibarran bildu ginen». Elkarteak lagundu zion administrazioko paper batzuetan. «Etxekoei horrelako karga kentzea asko da». Antzeko iritzia du Etxeberriak: «Espetxean urteak pasatu ondoren, ez dakizu kanpoan nola diren gauza asko. Adibidez, esaten dizute emateko zure posta elektronikoa, baina zuk ez duzu. Galduta bezala zaude kartzelatik ateratzean, mundu berri batekin egiten duzu topo. Gerora gauza arruntak zaizkizunak, hasieran ez dauzkazu, edo ez dakizkizu, eta Harreraren laguntza, benetan, oso beharrezkoa egiten zaizu».

Etxeberriari gidabaimena berritzen lagundu zion elkarteak, ordu batzuk ordainduta, eta Aranalderi, gidabaimenaren tasa pagatzen, eta dentistaren eta okulistaren zerbitzuak eskaintzen. «Horrez gain, garrantzitsua da osasun arloko profesionalek jakitea zein zaren, eta nondik eta zeinek esanda zoazen».

Bi euskal preso ohiek jasotzen dute Espainiako Estatuaren aldetik 426 euroko laguntza hilero, eta Harrerak beste 205na euro ematen dizkie haiei ere. Kartzelaldi osteko aurreneko urte eta erdirako laguntza da. «Ekonomikoki lasaitasuna» ematen diela aitortu dute, eta gauzak trankilago hartzeko modua ematen die, biharko egunerako gauzak begiratzeko eta beste patxada batekin pentsatzeko. «Arnasa da. Sosegua ematen dizu», esan du Etxeberriak.

Joan den martxoaren atera ziren espetxetik: Soto del Realetik (Madril) Aranalde, eta Zueratik (Aragoi, Espainia) Etxeberria. Aurrenak hamazazpi urte egin zituen etxetik at —kartzelan, hamahiru—, eta, bigarrenak, 22 urte —preso, hogei—. Nola egokitu gero? Garrantzitsua irizten diote «jarrera aktibo batekin» irteteari. Etxeberria: «Ezin zara etxean egon geldirik, deiaren zain». Estatuaren eta Harreraren kartzelaldi osteko laguntzaren erdira iritsi dira biak, eta buruan badute bukaera, baina ez dira larritu; izan ere, badituzte buruan ideiak, badute gogoa aurrera egiteko.

Gainera, herrira bueltatzean ez dute nabaritu eurekiko giro sozial txarrik edo urruntasunik. Etxeberriak jendea «oso gertuko» sumatu du. Aranaldek ere bai: «Espetxetik irten, eta Ibarrako festak eromena izan ziren niretzat: jende asko etorri zitzaidan agurtzera. Borroka armatuarekin bat egiten ez zuen jendea ere hunkituta ikusi nuen kalean nintzelako. Herri mailan giro ona eta laguntzeko gogoa sumatu ditut».

Dena dela, «egunerokoa ere hor dago», biek diotenez. Oso gazterik alde egin zuten etxetik, eta orain lagunak-eta bestelako bizimodu batekin aurkitu dituzte: umeekin, beste ordutegi batekin, beste plan batzuekin... «Sentitzen duzu halako ezintasun eta bakardade bat batzuetan. Ez da haiekiko kritika bat, jakina. Ohitu egin behar zara bizimodu berrira», adierazi du Aranaldek. Etxeberria: «Itzultzean, lekuz kanpo bezala zaude. Kartzelan askatasuna idealizatu egiten duzu, baina gero ez da hain ideala. Arazoak daude, eta gizarte berri bat daukazu aurrean. Baina onena da errealitatea hau dela aitortzea, jarrera on bat izatea eta aurrera egitea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!