Naparraren desagertzea ikertzen jarraituko dute Nazio Batuek

Erabiltzailearen aurpegia Jon O. Urain 2019ko abe. 23a, 10:22

Espainiako Gobernuak NBEko desagertze behartuen batzordeari esan dio ez duela informaziorik. Batzordea otsailean bilduko da, Genevan.

Nazio Batuen Erakundeko desagertze behartuen batzordeak Joxe Migel Etxeberria Alvarez Naparra-ren desagertzearen kasua ikertzen jarraituko du. Hala jakinarazi dio NBEko Giza Eskubideen Goi Agintariak Eneko Etxeberriari, Naparraren anaiari. Batzordeak informazio gaurkotua eskatu zion Espainiako Gobernuari Naparraren desagertzeaz, eta lerro bakarrean ihardetsi zuen Madrilek, aurtengo uztailaren 26ko data duen mezu batean: «Espainiako Gobernuak ez du informazio gehigarririk auziaren inguruan». Horiek horrela, NBEk gutun bat helarazi dio Etxeberriari, esanaz Espainiako Gobernuaren erantzuna ez dela «nahikoa» Naparraren desagertzea argitzeko eta, beraz, auzia aztertzen jarraituko dutela.

Batzorde hori otsailaren 10etik 14ra bitartean bilduko da, Genevan (Suitza), eta desagertuen senideekin eta gobernuz kanpoko erakundeekin bildu ohi da batzarraren egunetan. Hara joateko asmoa agertu dio Etxeberriak NBEri. Erakundeak 2014an eman zion arrazoia familiari, eta, Espainiak ebatzitakoaren kontra, ebatzi zuen Etxeberriarena «desagertze behartua» izan zela.

Bilatze lanen zain

Naparra (1958, Iruñea) Ziburun (Lapurdi) ikusi zuten azken aldiz, 1980ko ekainaren 11n. Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea zen, eta BVE Batallon Vasco Español talde paramilitarrak bere gain hartu zituen haren bahiketa eta hilketa.

Iazko maiatzean, auzia artxibatzea baztertu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, senideen eskaria aintzat hartuta, eta auzia ikertzen jarraitzeko diligentziak agindu zituen. Horien artean, Frantziako Poliziari eskatu zion 2017ko apirilean Landetan egin zituen bilaketa lanetan sakontzeko, Francisco Etxeberria auzi medikuaren txosten batzuetan oinarrituta. Halere, bilaketa lanak iazko udazkenerako espero zituzten, eta, Auzitegi Nazionalaren agindutik urte eta erdi igarota, oraindik ez dituzte hasi indusketa lanak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!