Albizturko galtzadan barrena

Erabiltzailearen aurpegia
Albizturrera jaitsi ahala hirigunea ikusten da. Garai batean errotak zituen, baina egun denak galduta daude. MIKEL ARRIZABALAGA

Antzina, ganadu transhumanteek erabiltzen zuten Zezenen Bidea. Noain herrian hasi, eta Azpeitiraino iristen zen. Nafarroatik zezenak ekartzeko erabiltzen zuten.

Albiztur (Gipuzkoa) ezaguna da bertan ereiten diren babarrun beltzengatik. Belaunaldiz belaunaldi erein izan dira herriko soroetan eta baratzeetan. Udazkenarekin batera, artasoroetan hazten diren babarrunak bildu, eta jende asko joaten da haiek dastatzera, piper, odolki, saiheski eta azaz lagunduta. Hala ere, herriak badu bere ondare historikoa eta monumentala ere: Jasokundeko Andre Mariaren eliza, San Gregorio Taumaturgo baseliza, itxura ederra duen udaletxea eta makina bat etxe eta baserri bikain, besteak beste. Errotak ere baziren, baina gaur egun denak galduta daude. Errege-bidea pasatzen zen, eta erromesentzako bi ostatu eta ospitalea zituen.

Herriko plazatik abiatu, eta berehala ikusiko ditugu Gi- SL 13ari dagozkion bide seinale zuri eta berdeak. Ibilbidearen lehen zatian GR-9 edo Zezenen Bidearekin bat egiten du. Antzina, ganadu transhumanteek erabili ohi zuten. Iruñetik gertu hasi, eta Gipuzkoako bihotzeraino zabaltzen zen; Noain herritik Azpeitiraino, hain zuzen ere. Gipuzkoan, ibilbide horri Zezenen Bideaesaten zaio, XVI. mendetik aurrera Nafarroatik zezenak ekartzen baitziren. Egun, ibilbide hori deshomologatuta dago, eta maiz seinaleak ez daude ondo, edota falta dira. 300 bat metro bertatik bete, eta Nekoralde baserriaren parean eskuinetik jaisten den lurrezko bidetik abiatuko gara erreka ondoraino. Bertan oso nabarmena da galtzadaren arrastoa, baina altuera hartuz goazen heinean ezabatu egiten da. Errekaren ondotik altuera erraz irabaziko dugu, eta Idoiaga Bekoa baserrira doan porlanezko bidera ateratzean, metro batzuk bertatik bete, eta eskuinetik ateratzen den xenda hartuko dugu berriro basoan murgilduz. Galtzadaren arrastotik segituz errepidera aterako gara, Isetxe baserriaren parera eta Santutxo bentatik gertu. Zezenen Bidea utzi, ataka gainditu eta eskuinetik hedatzen den gurdibideari helduko gatzaizkio.

Baso mistoan —gaztainondoak, pagoak, haritzak, hurritzak, pinuak, gorostiak eta izeiak— marrazten den pistan barrena, ibilbidearen punturik gorenera igoko gara, eta bide seinaleek erakusten diguten norabidean GR-21 bidea zeharkatu, eta Albizturreko kaskoa gertuago ikusiko dugu. GR-21a Xabier-Loiola deiturikoa da. 153 kilometroko ibilbidea lotzen du, eta Nafarroako Xabier herria eta Gipuzkoako lotzen ditu. Antza, Ignazio Loiolakoak bere etxera egindako azken ibilbideari jarraitzen dio bideak. Bide hori ere deshomologatu egin du Gipuzkoako Mendi Federazioak. Basoa atzean utzita, Azarola Goikoa eta Behekoa baserrien ondora ailegatuko gara. Porlanezko pistatik Alkorta baserrira igoko gara, eta, aurrera segituz, gaztainondoen artean, Atxisaeta baserriaren ondoan dagoen aska eta ikuztegi berezia ikusi ahal izango ditugu. Langa gainditu eta gero, PR-Gi 81arekin bat egin, eta xenda estu batek altuera galdu, ataka pare bat gainditu eta herriraino jaisten den porlanezko pistara eramango gaitu. Berriro ere GR-21ekin gurutzatzen gara. Hemendik plazara pistatik barrena joango gara.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!