Berriz elkarrekin arraun egiteagatik

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Manterola 2019ko aza. 19a, 19:59
Irati LarraƱaga, Ioana Alijostes, Oihana Cereijo eta Maria Mendizabal, Donostiarraren egoitzan. JON URBE / FOKU

Arraunari ekin diote berriz urtebeteren buruan. Baina ez bakoitzak bere aldetik. Donostiarran batu dira berriz Ioana Alijostes, Irati Larrañaga, Maria Mendizabal eta Oihana Cereijo, lehen San Juanekin irabazi beharreko dena irabazi eta gero. «Haiekin itzuli nahi nuen», esan diote elkarri.

Oihana Cereijo (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1990) galduta ibili zen etxean aurreko larunbatean. Arraunerako arropak kutxetan gordeta dauzka, eta zer atera aukeratu ezinda geratu zen: «Gaizki pasatu dut», esan zuen Trintxerpeko (Pasaia, Gipuzkoa) kafetegi batean, larunbat goizean, Donostiarrarekin egingo duen aurreneko entrenamenduaren aurretik. Ioana Alijostesi (Tolosa, Gipuzkoa, 1988) «inoiz baino gehiago» kostatu izan zitzaion motxila egitea; armairuaren aurrean galduta ibili zen, zer hartu eta zer ez: «Lehen, modu automatikoan egiten nuen», azaldu du, kafe beroa epeltzen zaion bitartean. Irati Larrañaga (Tolosa, Gipuzkoa, 1991) zer motxila aukeratu ez zekiela ibili zen, bere buruari galdezka: «Nora noa?». Maria Mendizabal (Donostia, 1991) bezperan hasi zen buruari eragiten, zer eraman lehen entrenamendura, lehen ez bezala: «Egunean bertan erabakitzen nuen lehen». Aurreneko entrenamendu egunaren aurreko ajeak ez ezik, urtebetez egin ez dutena berriz egitearen sentsazio bereziak eragindako komeriak ere baziren. Traineru batean eseri ziren berriz laurak aurreko larunbatean, urtebeteren buruan. Elkarrekin.

Azkenekoz San Juaneko Batelerak traineruko tostetan eseri ziren, eta ez edozein egunetan: 2018ko irailaren 9an, Kontxako Banderaren bigarren jardunaldian. Tostatik jaiki zirenean, bosgarren aldiz segidan irabazi berri zeukan San Juanek estropada preziatua. Aro bikain baten amaiera izan zen. Talde baten haustura, hautsi nahi ez zuena, gainera. Urtebete eskas geroago, arraunlari haietako batzuek bat egin dute Donostiarran. Alijostes, Cereijo, Larrañaga eta Mendizabalez gain, Maialen Arrazola —entrenatzaile ere izango da— eta Andrea Oubiña ere batu dira Gipuzkoako hiriburuko taldera, eta lehendik zeudenei gehitu zaizkie: Irene Arbeo, Inder Paredes patroia eta Laura Goldarazena. «Elkartu nahi genuen berriz; hauekin traineru berean arraun egin nahi nuen berriro ere», esan diote elkarri Trintxerpeko kafetegiaren epelean bildu diren lau arraunlariek.

Cereijok eskumuturrean ilea biltzeko arrosa koloreko bi goma dauzka. Alijostesek ondo daki zer diren, eta aparteko ilusioa egin dio gomak ikustea. Cereijok kontatu du zergatik: «Gure azkeneko estropada horretan, uretara atera berri ginela, Ioana konturatu zen ileko gomarik ez zeukala, eta nik bi hauek beti eramaten nituen. Utzi egin nizkion. Egun hartan, 30 urte bete zituen berak. Gordeta neuzkan, eta patuak nahi izan du biok berriz elkartzea traineru berean, eta ekarri egin dizkiot gomak». Adiskidetasuna, lagunari laguntzea, batek behar duena besteak eduki eta uztea... Talde batean oso balio garrantzitsuak dira horiek guztiak, eta laurek ondo barneratuta dauzkate: «Oso talde kohesio ona izan genuen San Juanen», esan dute.

Horrexek eman die bultzada, hain justu, berriz itzultzeko. Itzultze horrek leku bat behar zuen, beste talde bat kasu honetan, eta, Donostiarra zergatik aukeratu duten azaltzeko orduan, erantzun bateratuak izen eta abizenak dauzka: «Maialen hemen egoteak eragin handia izan du», diote. Alijostesek hartu du hitza: «Badakigu zer nahi duen eta nola nahi duen hori lortu, eta bat egiten dugu arrauna ikusi eta ulertzeko moduan. Konfiantza handia daukagu harengan, badakigu gauzak oso ondo egingo dituela». Mendizabalek bat egin du taldekidearen iritziarekin. «Segurtasuna ematen digu gauzak ondo egingo dituela». Cereijo ere sartu da solasaldian: «Oso esperientzia ona daukat Maialenekin. Harekin ados ez bazaude ere, uzten du eztabaidatzen, eta arrazoitu egiten dizu erabakia». Eztabaidak izan zituztela gaineratu du, baina «ondo» konpondu izan gara beti.

Gakoetako bat, Arrazola

Larrañagak ere Maialenen eragina izan du hizpide proposamen honi baiezkoa emateko arrazoien artean, baina urrunago ere joan da: «Eragin handia izan du, baina beste aldagai batzuk ere bai. Adibidez, gugan ezaugarri batzuk baloratu ditu, eta taldeak horiek behar dituela erabaki du. Horregatik gaude gu hemen, bakoitzak beretik zerbait eman diezaiokeelako taldeari». Taldea puzzlea baita, piezaz pieza eginez eta osatuz joaten dena. Lana serio eginda, jakina. Horretaz asko dakite San Juanen ibilitakoek, eta Alijostesek azaldu du zer den: «Gu laurok hamar urtetik gora daramatzagu arraunean, eta, hasi ginenean, ez genuen oraingo gogo eta diziplinarik. Heldu garen lekura heltzeko bilakaera handia egon da. Gure garaipen guztiak ez ziren bakarrik etorri, gauza asko aldatuz joan ginen urteetan, eta aldatu genituen horietan dago, besteak beste, taldeko batasuna».

Oso garbi dute, hala ere, berriz elkartu izanak ez diela bere horretan ekarriko irabaztea: «Badakigu zer hizpide dabilen arraun munduan, eta jardun horren arabera, gu Donostiarrak aukeratu gaitu garaile izateko, eta guk talde hau hautatu dugu balio ziurra delako batzuen ustez garaipenak lortzeko. Baina orain beste motibazio batzuk dauzkat nik, adibidez», esan du Larrañagak. «Irabazi beharreko guztia irabazita daukagu», gehitu du, «eta iaz ere gure artean esaten genuen ea irabazte hutsagatik segitu behar genuen, dena irabazita daukagu eta. Beste pizgarri batzuk ekarri naute hona: talde polita dago hemen, eta saiatuko gara erakusten nola egiten den lan, nola entrenatzen den. Eguneroko bizigarri horren bila nator ni, eta gero, irabazten baldin badugu, askoz hobe». Cereijok bide beretik jo du: «Irabazle izan aurretik bost denboraldi zoragarri haietan, asko galdu behar izan genuen lehendabizi, eta hori zer den ondo dakigu. Gozatzera nator. Jakina, irabazi nahi dut, eta horretarako ere lan egingo dut, baina arraunaz gozatu nahi dut. Inork ez daki udan nolako emaitzak izango diren».

«Ez gara onenak»

Sekulako garaipen zerrenda edukita ere, oinak lurrean dituzte laurek, eta oso garbi daukate zergatik ez dien deitu Arrazolak: «Onenak ez gara, hori garbi daukagu. Gutako bakoitzak ezaugarri jakin batzuk dauzkagu, eta horien beharra ikusi du Maialenek taldean, eta hutsune horiek indartzeko gaude hemen, azaldu du Cereijok. «Onena zein da?», galdetu du Larrañagak. Erantzuna berak eman du: «Arinena ote da onena? Gehien tiratzen duena, akaso? Maialenek garbi esan zidan zergatik aukeratu ninduen Donostiarrara etortzeko, eta ezaugarri jakin batzuengatik izan zen, ez onena naizelako». Mendizabalek talde izaerari heldu dio, bakarkako lana baino garrantzitsuagoa dela nabarmendu du: «Arraunean bat oso ona izateak ez du ezer egiten. Aurreko urteetan garbi genuen bata ez zela ezer bestea gabe. Irabazten duena taldea da, eta bakoitza bere onena ematera gatoz hona». Cereijoren ustez, «talde nortasuna zer den oso ondo dakigu, eta bat bestea baino hobea ez dela ondo ikasita daukagu».

Edatekoak edan eta gero, Trintxerpeko kafetegiko solasaldi goiztiarra akaberara heldu aurretik, aspaldiko partez lehen entrenamendua izango dutena ekarri zuten gogora. «Urduri nago», bota dute laurek. «Estropada baten aurreko urduritasuna bezalakoa da hau», zehaztu du Larrañagak. «Txarra izango zen lasai egotea, egitasmo berri bat hasiera ematera goazenean, arraunean berriz hastea denean, zertan eta gustatzen zaiguna egiten. Urduri ez bageunde, hobe buelta erdi eman eta etxera itzultzea», gaineratu du Larrañagak. Beste sentipen bat jarri du mahai gainean Cereijok: «Ilusionatuta nago».

Kafetegitik atera, motxilak hartu eta badoaz entrenamendura. Trainerua bizkarrean hartu aurretik, Arrazolak hitzalditxoa egin die arraunlariei, eta solasaldia oihu batekin amaitu dute, eskuak elkartuz. Entrenatzaileak uretara zein doazen esan du. Horien artean dira Alijostes eta Mendizabal; ez, ordea, Larrañaga eta Cereijo. «Ergometroa egingo dugu guk, grabazio bat egin nahi digutelako», azaldu du Cereijok. Larrañaga kafetegian esandako hitzak gogoan dituela joango da agian, ergometrora: «Ukitu ere ez dut egin urtebetean. Begi zeharka begiratu izan diot hilabete hauetan, ahalik eta gehien luzatu nahi nuen biok elkar ikusteko unea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!