Akordiorako oinarria hitzartu du LABek arte grafikoetan

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Iruretagoiena 2019ko urr. 30a, 19:58

Sindikatuak esan du lehen aldia dela Adegik blindaje klausula bat onartzen duena, sektorea estatuko hitzarmenetik babesteko.

Urte hasieratik negoziatzen aritu eta zortzi greba egun egin ondoren, hitzarmena berritzea adostu du LABek Gipuzkoako arte grafikoetan. Bost eguneko greba deialdia zuten datorren asterako, baina sindikatuak atzo jakinarazi zuenez, akordiorako oinarria lortu dute Adegi patronalarekin. Negoziazio bidez hitzartutakoa batzarretan berretsi beharko dute langileek, datorren astean. Bitartean, sindikatuak jakinarazi du bertan behera utzi dituztela greba deialdiak, eta langileek onetsiz gero, azaroaren 11n sinatuko dute akordioa.

Soldata igoerak eta bestelako eskubide batzuk ere jaso dituzte aurreakordioan. Soldata KPIaren gainetik igoko diete, urtez urte, 2021ean KPI baino 0,75 puntu gehiagora iritsi arte. Hitzarmeneko bi kategoria baxuenak (1.16 eta 1.21) batu eta haiei 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatzea ere lortu dute.

1.300-1.400 langile inguruk osatzen dute Gipuzkoako arte grafikoen sektorea, tamaina txikiko 140-150 enpresak, gutxi gorabehera. Sindikatuei dagokienez, berriz, sektoreko langileen %52 ordezkatzen du LABek, %46 ELAk eta %2 UGTk. ELAk, ordea, ez du babestu aurreakordioa: «Patronalak jarraitzen du aldi baterako laneko enpresen eta lizentzien lege egokitzapenak bere proposamen gisa saltzen». Sindikatuaren iritziz, 1.47 profila gutxienekoa izan behar litzateke, eta soldata igoerak ez dira nahikoa. «Harrituta» agertu dira LABen erabakiarekin, «borroka presaka utzi eta jada fruituak ematen hasia zen gatazka bat desaktibatu» duelakoan.

Beste garaipen bat ere nabarmendu du LABek: blindaje klausula bat sinatu du Adegik, Gipuzkoako hitzarmena Espainiako Estatukotik babesteko. «Adegik sinatzen duen lehen aldia da», azaldu dute: «Duela gutxi, baztertu egin zuten papergintzaren hitzarmenean».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!