Eskubide Sozialen Gutunak greba orokorrera deituko du urtarrilaren bigarren hamabostaldirako

Erabiltzailearen aurpegia

Pentsiodunen mugimenduaren eskaerarekin bat eginez, gutuna osatzen duten sindikatu eta eragileek "lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko "mobilizazioak iragarri dituzte.

Hainbat sindikatu eta eragile sozialek sortutako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak greba orokorra iragarri du datorren urtarrilerako. Aurretik, hainbat mobilizazio ere egingo dituzte lan, pentsio eta bizitza duinaren alde. Azken hilabeteetan pentsiodunek egin dituzten aldarrikapenekin bat eginez antolatu dituzte mobilizazioak, eta ohartarazi dute denen afera dela haiena, egungo langileak etorkizuneko pentsiodunak izango baitira.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk salatu du erakundeek ez dutela ezer egin prekarizazioari aurre egiteko. "Gutxieneko soldata eskatzen dugu, gutxieneko soldataz, genero arrakala... Erakundeen aurrean urrats bat da beste politika batzuk egiteko". Beste atzeraldi ekonomiko bat gerturatzen ari dela eta, erakundeei murrizketarik ez egiteko eskatzeko ere egingo dute greba orokorra, Aranburuk esan duenez.

ELAko Mitxel Lakuntzak azaldu ditu grebaren zergatiak: "Ez bagara mobilizatzen, gure eskaerak ez dira iritsiko agintarien mahaira. Agenda politikoan jarri nahi ditugu gure eskaerak, eta grebak aukera ematen digu ikusgarritasuna lortzeko". Azken hamar urteetan galdu diren eskubideak berreskuratzeko deitu dute grebara, Lakuntzak esan duenez. Horretarako, pentsio duinak, lan baldintza egokiak, eskubide sozialak eta neurri ekologistak eskatuko dituzte. "Ofentsibara igarotzeko garaia da".

Bizitza erdigunean jarriko duen eredua bultzatu nahi du eskubide sozialen gutunak protesta hauekin, zaintzari eta planetaren jasangarritasunari lehentasuna emango diona. Eredu horren ardatzak izango liratekeenak ere zerrendatu dituzte: aberastasunaren birbanaketa, sektore publikoaren lidergoa eta eskubideen unibertsaltasuna. Hala, datozen asteetan egingo dituzten mobilizazioetatik lehena izango da urriaren 30ekoa. Orduan eskatuko dute bertan behera gera dadila EAJ eta PSEk DSBEa  murrizteko egindako proposamena.

Pentsiodunen mugimenduak atzo iragarri zuen mobilizazio berriak egingo zituela. Eta esan zuten eragile sozial, sindikatu, ikasle eta mugimendu feministekin bat egingo zutela. Gaur, greba orokorrera deitu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak.

 

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!