Kike Amonarriz izango da Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria

Erabiltzailearen aurpegia Garikoitz Goikoetxea 2019ko ira. 27a, 19:58
Argazkilaria: Jon Urbe/Foku

Euskaraldiaren harira Topagunea inoiz baino mugimendu gehiagorekin dagoen garaian hartuko du lehendakaritza Amonarrizek. Elena Lakari hartuko dio lekukoa.

Arratsaldean du batzar nagusia Euskaltzaleen Topaguneak, eta lehendakari berria hautatuko dute. Kike Amonarriz da hautagaia (Tolosa, Gipuzkoa, 1961). Azken bost urteetan Elena Lakak izan du kargu hori, eta ez jarraitzea erabaki du, arrazoi pertsonalak tarteko. "Ez naiz iristen. Nire lana daukat, eta indar fisikoak ez dit ematen", adierazi zuen BERRIAn joan den uztailean egindako elkarrizketa batean.

Euskara elkarteen arloan ibilbide luzea egin du Amonarrizek. 1980ko hamarkadaren hasieran Tolosaldea Berreuskalduntzeko Elkartean aritu zen, eta 1990eko hamarkadan, Tolosako Galtzaundi Euskara Taldean. Elkarte horretatik lanean aritu zen euskara elkarteen bilgune bat sortzeko; alegia, gaur egun Euskaltzaleen Topagunea den erakundea. Gaur egun, Galtzaundiko lehendakaria da Amonarriz.

Euskararen esparruan beste hainbat lanetan ere aritua da. Siadeco Ikerketa Elkartean aritu zen lanean, eta Tolosako Udalean ere bai, euskara teknikari. Telebistan bide luzea egin zuen; Tribuaren Berbak izan zuen azken proiektua, euskara ardatz zuen saioa. Soziolinguistikan lan ugari egindakoa da, dozenaka hitzaldi eta artikuluren bidez. Orain lau urte, Berrikusi eta berrikasidokumentua aurkeztu zuen, beste zortzi lagunekin batera. Aste batzuk barru liburu bat argitaratuko du, Euskararen bidegurutzetik: azken urteetako artikuluen eta hitzaldien bilduma bat. 2015ean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Abbadia saria jaso zuen.

Euskaltzaleen Topagunea jardun bete-betean dagoelarik hartuko du kargua. Euskaraldiaren bultzatzaile nagusia da Topagunea, Eusko Jaurlaritzarekin batera, eta bigarren Euskaraldiaprestatzen ari da buru-belarri —2020ko udazkenean egingo dute—.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!