Gipuzkoako epaitegi eta ertzain etxeetako garbitzaileek akordioa lortu dute Garbialdirekin

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2019ko eka. 26a, 13:10

Kale garbitzaileekiko soldata arrakala %70 murriztea lortuta, bederatzi hilabetez luzatu den greba utzi dute.

Bederatzi hilabeteko greba eta mobilizazioen ondoren, akordioa sinatu dute Gipuzkoako epaitegietako eta ertzain etxeetako garbiketa langileek eta Garbialdi enpresak. Azken horrek kudeatzen du garbiketa zerbitzua Gipuzkoako epaitegi eta ertzain etxeetan, Eusko Jaurlaritzak esleituta. Atzo gauean lortu zuten bi aldeek ados jartzea. Ondorioz, langileek bertan behera utzi dute iazko irailean hasi zuten greba.

Akordioan jasotakoaren arabera, kale garbitzaileekiko duten soldata arrakala %70 murriztuko zaie epaitegietako eta ertzain etxeetako garbiketa langileei. Horrez gain, Garbialdik aitortu die baldintza toxiko eta lan nekarrietan aritzen direla; ondorioz, soldata osoaren %20 besteko plus bat izango dute.

Grebalariek batez ere kale garbitzaileen aldean jasaten duten soldata arrakala ezabatzea eskatu dute azken hilabeteetako mobilizazioetan. ELA sindikatuak salatu duenez, gaur egun eraikin judizialetako langileek kaleko garbitzaileek baino %7 gutxiago irabazten dute, eta polizia etxeetakoek, %13 gutxiago. Kalekoen aldean, epaitegietakoa eta ertzain etxeetakoa "sektore feminizatuagoa" dela nabarmendu du sindikatuak: %95 dira emakumeak —kalean, %80 gizonak—.

Grebak iraun duen artean, sakon garbitu gabe egon dira Gipuzkoako ertzain etxeak eta epaitegiak. Irailean hasi zuten greba langileek, eta ordutik nonahi pilatu dira zabor poltsak eta zikinkeria. Horren eraginez, kexatu egin dira eraikin horietan egunero aritzen diren bestelako langileak, baita zerbitzu horietara jotzen dutenak ere. Kezka agertu dute, osasun baldintzak ez direlako izan egokienak eraikin publiko batentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!