«Gure zinema bultzatzeko, eztabaidak bulegoetan egin behar dira»

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Lizarralde 2018ko ira. 19a, 08:12
Argazkia: Juan Carlos Ruiz / FOKU

Donostiako 66. Zinemaldia hasteko egun gutxi gelditzen diren honetan, Gaztelun bizi den Jose Luis Rebordinos zuzendaria (Errenteria, 1961) azken detaileak zehazten ari da bere lantaldearekin batera.

Lanpetuta dago, baina lasai, programazio interesgarria prestatu dutelako baina batik bat zinemaldia «indartuta» ikusten duelako.

Iaz, komedia batek —The Disaster Artist-ek— irabazi zuen sari nagusia. Zer kolore izango du aurten Sail Ofizialak?

Aurten ere badira bi komedia gutxienez. Lehen eguneko filma, El amor menos pensado, komedia erromantiko bat da, eta [Louis] Garrelena ere, L'Homme fidèle, komedia bat da, Truffauten espiritua duena. Gero, genero zinema dezente egongo da, azkenaldian jaialdi guztietan gertatzen ari den bezala. Nik uste dut egile handiak generoak erabiltzen hasi direla publiko zabalago batengana iristeko haien ezaugarriak galdu gabe. Hori nabarmena da. Esaterako, In Fabric beldurrezko film bat da, giallo-ari omen egiten diona; Illang: The Wolf Brigade, Kim Jee-Woonena, akziozko filma da, eta Claire Denisena, adibidez, oso pelikula antikonbentzionala da, arau guztiak hausten dituena, baina zientzia-fikziozkoa. [Rodrigo] Sorogoyenena kutsu politikoko thrillerra da, eta Brillante Mendozarena ere bai. Gauza askoz hitz egiten duten filmak dira, baina genero jantziak dituzte.

Errealitatera eta kezka sozialetara lotutako zinema bat da?

Bi thrillerak oso politikoak dira, eta Denisena ez dago errealitateari lotuta, baina zenbait gai inportantez hitz egiten du. Nik uste dut pelikula guztiek dutela zerbait kontatzeko.

Urrezko Maskorra irabazi duten bi zuzendari daude lehian: Isaki Lacuesta eta Carlos Vermut. Eta baita hainbat zuzendari ezagun ere: Denis bera, Mendoza, Naomi Kawase... Aurten izen ezagunen aldeko apustua egin duzue?

Ez, ez. Aurten ere badira bost zuzendari berri... Urte bakoitza ezberdina izaten da, eta batzuetan ez da lortzen ekartzea nahiko zenukeen film hori. Jakina, niri Denis eta Mendoza asko gustatzen zaizkit, eta beste batzuetan ere saiatu gara haiek ekartzen. Gustatzen zaigu zinemagile ospetsuak eta berriak uztartzea. Baina pentsa, zuzendari ezagunek ere pelikula ezberdinak dakartzate. Aurtengo Sail Ofizialak etorkizunari begiratzen dio; izan ere, zuzendari berriak aurkezteaz gain, ezagunek ere lan berritzaileak dakartzate.

Zaila da programazio indartsu bat osatzea?

Zaila da, jaialdi asko dagoelako. Baina egungo arautegiek beste bide batzuk irekitzen dituzte. Toronton aurkezten diren filmak etor daitezke Donostiara, eta halako aukerak ere baliatu behar ditugu. Dena dela, uste dut oso zinema ona datorrela aurten. Cannes oso ondo joan zen, Venezia ere bai, eta uste dut Donostian ere kalitatezko filmak ikusiko ditugula. Nik esango nuke beste urte batzuetan baino errazagoa egin zaigula egitaraua osatzea. Cannes on bat dagoenean, Venezia on bat dago, eta baita Donostia on bat ere.

Urte batzuetan, Urrezko Maskorra lortu duten filmei kosta egin zaie zinema aretoetarako bidea egitea. Donostian irabazle izatea ez da estreinaldi baterako garantia?

Pelikularen arabera izaten da. Baina egia da, niri izugarri gustatzen zaizkidan bi irabazleri —Sparrows eta I Am Not Madame Bovary— kosta egin zaiela estreinatzea. Baina ez dira pelikula errazak. Jakina, Urrezko Maskorra ez da Urrezko Palma, baina, dena dela, esango nuke laguntzen diola filmari. Esaterako, Sparrows-ek zirkuitu izugarria egin zuen jaialdietan, baina gero aretoetan ez zuen diru askorik bildu. Gurea bezalako sari batek, bere neurrian, laguntzen du. Film txikia bada, munduan aurkeztuko du. Baina onar dezagun... Zenbat jende joaten da film txinatar bat ikustera? Oso gutxi.

Iaz, lehiaz kanpoko emanaldi asko sartu zenituzten Sail Ofizialean. Aurten, gutxiago dira.

Emanaldi bereziak baliatzen ditugu gustatzen zaizkigun filmak erakusteko. Arrazoi batengatik edo besteagatik, nahiago dugu lehian ez sartu, baina Sail Ofizialak ematen duen ikusgarritasuna eman nahi diegu. Aurten, Dantza dago, film zoragarri bat, eta, bestetik, Jose Luis Cuerdarena, Tiempo despues, ez duena ezeren antzik.

Iaz La peste eman zenuten. Aurten, Gigantes. Bi telesail. Horrek testuinguru bati erantzuten dio?

Ikus-entzunezkoen errealitateari erantzuten dio. Zinema egiten duen asko telesailak egiten ari dira. Azken batean, fikzio serializatua da. Enrique Urbizu eta Jorge Doradoren lana zinema da, ataletan banatutako zinema. Baina ikusitakoaren arabera erabakitzen dugu telesail bat sartu ala ez.

Azken urteetako eztabaidagairik handiena da. Netflixek zinema jaialdietan egon behar du?

Gustatzen zaizkigun filmak hartzen ditugu zinemaldirako. Ez da gure arazoa Netflixen pelikula bat zinema aretoetan edo telebistan estreinatuko den... Ezin gara sartu eztabaida horretan. Eta uste dut Cannes-ek ez beste guztiok onartzen ditugula Netflixen filmak. Are gehiago; denborak esango du, baina uste dut Netflixen filmak aretoetatik ere pasatuko direla. Alfonso Cuaronen filma [Roma] aretoetan emango dute. Eta hurrengo urtean, Scorseseren filma iristen denean... Ez da egongo estreinaldirik zinema aretoetan? Nik uste dut baietz. Denok egokitu beharko dugu. Baina jarrera maximalistek kezkatzen naute. Uste dut denon artean egin beharko dugula aurrera. Guk Netflixen beharra izango dugu, eta Netflixek jaialdiak eta zinema aretoak beharko ditu. [Peter] Greenawayk 2001ean esan zuen zinema hilda dagoela. Orain gutxi, berriz, Carlos Reygadasek esan zuen uste duela oraindik ez dela jaio! Ikuspuntuaren arabera izango da hori. Zineman, dena aldatzen ari da, eta ez dakigu bost urte barru non egongo garen.

Dantza aipatu duzu. Zer aurrera dezakezu?

Egin baino lehen ere izugarrizko errespetua nion proiektuari. Telmok [Esnal] aipatzen zidanean, beti esaten nion erotuta zegoela, ez nekielako nola bukatuko zuen eta zer aterabide izan zezakeen. Baina amaitu du, Glocal saria irabazi du, postprodukzio ikusgarria egin du... Eta look ikusgarria du. Nik zati batzuk besterik ezin izan dut ikusi, baina irudipena daukat istorio bat kontatzen duela euskal dantzen bitartez, modu izugarri ederrean. Banatzaileak zoratzen daude filmarekin.

Aurten, Dantza-z aparte, ez dago euskal lanik Sail Ofizialean, baina jaialdian, berriz, inoiz baino presentzia handiagoa izango dute. Zer diozu horri buruz?

Eragile guztien arteko harremanaren ondorioa da. Batzuek esaten digute lehen baino gehiago bultzatzen dugula euskal zinema. Ez dut uste; uste dut euskal zinemak lehen baino gehiago ematen duela. Azkeneko urteetan, eragile guztiak norabide berean ari gara arraunean: ETB, Eusko Jaurlaritza, ekoizleak, Zinemaldia bera... Apustua garbia da, nahiz eta gero barnean balitekeen eztabaidak izatea. Baina apustu hori nabaritzen da. Gure zinema indartsua izatea nahi badugu, eztabaidak bulegoetan egin behar dira, ez prentsaurrekoetan. Hori denok ikasi dugu. Eta gogoratu behar ditugu Kimuak bezalako proiektuak martxan jarri zituztenak, Amaia Rodriguez, kasurako. Apustua egin zuen, eta garai hartan jende askok erokeriatzat jotzen zuen. Baina emaitzak ikusten ari gara orain: Esnal, Kobeaga, Altuna... Asko handik datoz.

Eta etorkizuneko zinemagileak nondik aterako dira?

Tabakaleran hazi bat ereiten ari gara. Badakit askotan Tabakalera kritikatzen dugula, eta ziur gauza asko dituela hobetzeko. Baina hor jende asko ari da elkartzen, jende gaztea, ikus-entzunezkoak lantzen ari dena... Gainera, emakume asko dago ikus-entzunezkoen alorrean lanean. Ni nahiko baikor nago. Aurten, Sail Ofizialean Dantza daukagu; Zuzendari Berrietan, Oreina; Perlak eta Zabaltegi-Tabakaleran ere badira euskal ekoizpenak, eta Zinemiran hamabi lan daude. Hor badira nabarmentzeko lanak; amaierakoa Black is Beltza da, Fermin Muguruzarena, zerikusirik ez duena hemen egin den animazioarekin, eta Josu Martinezena ere harribitxi bat iruditzen zait. Esan nahi dut gu saiatzen garela urratsak egiten. Garai batean, euskal zinemak egun bat zuen; egun, zinemaldi osoan daude filmak, eta, lehen aldiz, Zinemiraren inaugurazioa eta amaiera Kursaaleko kubo txikian izango dira.

Jarraitu irakurtzen Berria.eus-en

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!