«Saharako harresia 'apartheid'-aren bertsio marokoarra da»

Erabiltzailearen aurpegia Kristina Berasain Tristan 2018ko eka. 20a, 09:41
Argazkia: Jon Urbe / FOKU

Mendebaldeko Sahara banatzen duen harresia gizateriaren kontrako krimen bat da ikertzailearentzat: «Ondorio militar, politiko, sozial eta ekonomikoak eragiten ditu; okupazioaren ikonorik handiena da».

Gaici Nah Bachir (Tiris, Mendebaldeko Sahara, 1970) basamortuan jaio zen, «saharar gehienak bezala». Gaur egun haren jaioterria bitan zatituta dago, harresi batez, eta murru horretaz gehien dakien pertsonetako bat da, harresia ikertzearen bidez bihurtu baita ekintzaile. Ingeniari militarra da, eta aholkulari lanak egiten ditu gobernuz kanpoko hainbat erakunderentzat. El muro marroquí en el Sáhara Occidental. Historia, estructura y efectos (Marokoren harresia Mendebaldeko Saharan. Historia, egitura eta ondorioak) liburua idatzi zuen iaz, eta orain haren berri ematen dabil. Tolosaldea Sahararekin elkarteak berriki antolatutako hitzaldiaren aurretik mintzatu da BERRIArekin.

Mendebaldeko Sahara bitan banatzen duen harresia ikertzen aritu zara urtetan. Zer ondorio ditu harresiak?

Ondorio militarrak, politikoak, sozialak eta ekonomikoak ditu. Lau helburu murru bakar batekin; Mendebaldeko Saharan dagoen harresia apartheid-aren bertsio marokoarra da. Bitan banatzen du Mendebaldeko Sahara: alde batean, lurralde okupatuak daude; han bizi diren sahararrek jazarpena jasan behar dute egunero, tartean torturak eta atxiloketak. Beste aldean, lurralde liberatuak daude, eta handik gertu errefuxiatu sahararrak, basamortuen basamortuan, Tindufen, Aljerian. Harresiak bitan banatzen du herri bat. Batzuk okupaziopean bizi dira, eta besteak erbestean. Apartheid-aren ideia gauzatzen du murruak: black edo white bezala, okupazioa edo erbestea. Ez dago besterik. Giza eskubideen urraketa sistematikoak egitea baimentzen du. Zaindari bat da urraketa horiek guztiak egin ahal izateko. Arpilaketaren zentinela da ere. Marokoko militarren %90 lurralde okupatuetan daude, arrantzatzen dutenaren %90 han dagoen bezala.

Sahararrek Lotsaren Harresia deitzen diozue murruari.

Bai, munduan marka guztiak hausten dituen harresia baita. Txinako harresiaren ostean luzeena da, baina ez hori bakarrik; iraunkorrena da, herri bat bitan zatitzen duen bakarra, minatuena, isilduena, krudelena... Harresi fisiko bat da, artifiziala, beste baten lurraldean eraikia, helburu jakin batzuekin, eta egunero ereiten ditu izua eta beldurra, familiak zatituz, giza eskubideak urratuz, bakea eragotziz. Harresia gizateriaren kontrako krimen bat da, okupazioaren ikonorik handiena.

Zergatik eraiki zuen harresia Marokok?

Gerra galtzen ari zelako. Mendebaldeko Sahara militarki hartzeko saiakera etengabe eta hutsalen ostean eraiki zuen harresia. Maroko gerra garaian ez zen gai izan sahararren erresistentziari eta ausardiari aurre egiteko, baliabide militar gehiago bazituen ere. Gerra asimetrikoa zen. Hala ere, marokoarrak behartuta joan ziren gerrara, soldata baten truke, eta sahararrak sinesmen osoz ari ziren borrokan, askatasunaren alde. Marokoarrak ohartu zirenean bide horretatik ez zituztela sahararrak garaituko, murrua eraikitzeari ekin zioten. Baina, harresia eginda ere, borrokek jarraitu zuten. Harresiarekin gerra irabaziko zutela pentsatzen zuten, baina ez dute gerra irabazi, ez eta bakea lortu ere.

1987an bukatu zuten harresia, eta handik lau urtera sinatu zen su-etena, 1991n.

Bai. Epe laburrean, harresiaren asmoa zen erasoak eragoztea, baina Marokori harresiak ez dio balio izan gure lurra konkistatzeko. Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuen, baina ez du konkistatu. Horregatik sinatu zuten su-etena harresia bukatu eta lau urtera. Marokok gerra bukatu nahi zuen, baina ez zuen bakea nahi. Su-etena helburu bat zen armak isilarazteko, baina gerraren kausak bere horretan daude menia sinatu eta 25 urtera. Harresiarekin ez zuten espero zutena lortu. Fronte Polisarioari, berriz, aurkaria jartzeko aukera eman zion harresiak; gerra eremua mugatu egin zen, eta koordenatu geografikoak ezagututa eraso zehatzagoak egiten hasi ziren. Maroko harresian babestu zen, eta sahararrek hartu zuten erasorako ekimena. Goizaldean eta iluntzean egiten zituzten erasoak, udan zein neguan, eta operazio bakar batean 100 eta 200 soldadu artean ere hil zituzten. Harresia ere zulatu zuten, eta etengabe lapurtzen zizkieten armak. Lau mila eguneko gerran ez zuten lortu sahararrak geldiaraztea. Marokok, hori ikusita, estrategiaz aldatu zuen; gatazka luzatzea erabaki zuen, eta horregatik asmatu zuten erreferenduma. Maroko ohartu zen gerrak ez ziola mesede egiten.

[Elkarrizketa osoa Berria.eus-en]

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!