«Min bidegabea aitortzea gakoa da espetxe politika aldatzeko»

Erabiltzailearen aurpegia Edurne Begiristain 2018ko mai. 20a, 11:25
Argazkia: Juanan Ruiz / FOKU

ETA desagertuta, presoen korapiloa askatzea da lehentasuna Jonan Fernandez, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren Idazkari Nagusiarentzat. Uste du gizarteratzea dela alternatiba «bakarra» eta «errealistena». Hori errazteko dekretua prestatzen ari da Eusko Jaurlaritza.

ETAk amaitzeko hartu duen erabakia «argia» izan da, eta «aro berri bat» irekitzen du, Jonan Fernandezen ustez (Tolosa, Gipuzkoa, 1962). Dioenez, presoen auzia konpontzea eta espetxe politika aldatzea ez da erraza izango, eta beharrezkoa da alderdien artean «akordio sendoak» jostea.

ETAk behin betiko bukatu du bere ibilbidea. Lehen gogoeta.

ETAk desagertzeko hartu duen erabakia argia izan da. Gure nahia zen mundu guztiak onartzeko moduko bukaera izatea. Hori inportantea da, beste aro bat hasteko aukera ematen digulako.

ETAren azken agiriak bete ditu Jaurlaritzaren espektatibak?

ETAren azkeneko bi agiriak ikuspuntu kritiko batetik aztertu ditugu, biktimen arteko desberdintasunak egiten dituztelako. Hala ere, desegiteko erabakia aldebakarrekoa, behin betikoa eta efektiboa izatea nahi genuen, eta, alde horretatik, ETAren iragarpenak bete ditu ezaugarri horiek.

Zergatik ez zen joan Jaurlaritzaren ordezkaritza bat Kanbora?

Arrazoi desberdinengatik. Batetik, formagatik. Gonbidatuak izan ginen ekitaldi batera oso denbora gutxirekin, ez genekien ekitaldia nolakoa izango zen, zeinek parte hartu behar zuen, nolakoa izango zen ETAren komunikatua... Menu bat eginda zegoen, eta Jaurlaritza gonbidatu zuten menu horretan parte hartzera. Planteamendu hori erabat zilegi da, baina ez du zertan Jaurlaritzak derrigorrean babestu. Bestalde, ez genuen bat egiten ekitaldiaren ikuspuntu etiko-politikoarekin.

Zertan zehazki?

Guk ikusten genuen ekitaldi horretan ez zela egingo ETAren ibilbidearen inguruko irakurketa kritikorik. Hori ez genuenez babesten, erabaki genuen beste ekitaldi bat egitea Bertizen, momentu garrantzitsua eta historikoa zelako, eta gure ikuspuntua azaldu behar genuelako.

Ekitaldia nola joan zen jakinda, oraindik ere pentsatzen duzu Jaurlaritzak ez zuela bertan egon behar?

Bai. Are konbentzituago gaude gu egon behar genuen tokian egon ginela.

Eusko Jaurlaritza ez zen joan iazko apirilaren 8an Baionara ere, ETAren desarmatzera. Uste duzu gizartean ulertzen dela horrelako ekitaldi historikoetan ez egotea?

Gizartean egongo dira sektore batzuk nahiago dutenak Jaurlaritza ekitaldi horietan egotea, baina, nire ustez, gehiengo batek ulertzen du guk beste toki batean egon behar dugula.

ETAk amaiera egiaztatuta, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak iraganari buruzko gogoeta kritiko globala sustatu nahi duzue, alderdi guztien artean partekatutakoa. Nola bideratu nahi duzue?

Eusko Legebiltzarreko Bizikidetza eta Memoria lantaldetik zer ateratzen den ikusi beharko dugu. Ikusiko dugu legebiltzarretik zer ateratzen den, eta horren emaitzaren arabera erabakiko dugu beharrezkoa den hori indartzea edo beste bide bat zabaltzea.

Biktimek jasan duten min bidegabearen aitorpenean jartzen duzue indarra. Hori da gogoeta kritikoak izan behar duen muina?

Bai, esaldi horrekin edo beste batekin egitea nahi dugu. Guk ez dugu planteamendu itxi bat egiten, baina nola edo hala balorazio kritiko bat egin behar da iraganean gertatutako terrorismo, biolentzia eta giza eskubideen urraketa guztien inguruan. Eta hori egin daiteke esanez min bidegabea egin zela, hiltzea gaizki egon zela, edo beste formulazio batzuk erabilita, Irlandan eta Kolonbian egin duten modura. Garrantzitsuena da zerbait esatea, eta esaten den hori argia izatea, mundu guztiak ulertzeko modukoa.

Min injustua aitortzeko eskatzen duzue. Nork eragindakoa?

Aitortu egin behar da GALek, BVEk eta Guerrilleros de Cristo Rey taldeak eragindako mina bidegabea izan zela edo ez zuela inolako justifikaziorik, eta gauza bera torturaren eta ETAren kasuetan ere. Hori gakoa izan daiteke etorkizunari begira, aldatuko lituzkeelako alderdi politikoen arteko harremanak, biktimekiko harremanak eta kartzela politika bera. Guretzat estrategikoa da aitortzea min bidegabe hori ez zela inoiz gertatu behar.

[Irakurri elkarrizketa osoa Berria.eus-en]

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!