Belakoren protesta oihua

Erabiltzailearen aurpegia IƱigo Astiz 2018ko ots. 23a, 19:18

Bere ibilbideko hirugarren diskoa kaleratu du Belakok: ‘Render me numb, trivial violence’. Euskarazko kanta bat ere badute, tartean. Bihar abiatuko dute aurkezpen bira Bilboko Euskalduna jauregian.

"Protesta oihu bat da". Hala definitu dute Belako taldeko kideek beren ibilbideko hirugarren diskoa. Protesta oihu bat, besteak beste, genero indarkeriaren, iheslariak eta etorkinak blokeatzearen, politikarien ustelkeriaren aurka. Ez da disko erabat kontzeptuala, baina hasieratik bukaerara entzun dadin pentsatu dute taldekideek, eta trantsiziozko elementu eta doinuak ere txertatu dituzte horregatik abestien artean. Musikalki aurreko beste bi lanetan landutako ildo bera hartu dute. Hamalau kanta biltzen ditu, guztira, Render me numb, Trivial Violence diskoak, eta, aurreko lanetan bezala, euskarazko abesti bat ere bada tartean.

Taldeak berak argitaratu du diskoa, eta El Segell del Primavera eta PIAS internacional zigiluekin elkarlanean zabalduko dute. Gaur heldu da diskoa merkatura, eta bihar hasiko dute kontzertu bira Bilbon. Tantaka bertako hainbat kanta aurkeztu dituzte hilabeteotan sarean.

"Presio gutxigaz aritu gara". Taldekideek azaldu dutenez, lagungarri suertatu zaizkie horretarako orain arte nazioartean egin dituzten kontzertuak. Izan ere, lehen diskoarekin oihartzun handia lortu zuten, eta arreta piztu zuen horrek bigarren lana kaleratzerakoan. Oraintxe bertan ere milioi bat entzunaldiren bueltan dabiltza beren abesti batzuk musika entzuteko sareko plataformetan. Eta ezagun egin da haien izena jaialdietan ere. Eta, hain zuzen ere, arrakasta hori erlatibizatzeko eta abestietan zentratzeko egin zaizkie lagungarri kanpoan emandako emanaldiak. "Leku askotan gure hirugarren disko hau izango da entzungo duten lehenengoa", zehaztu dute.

Gustuko dutena egin dutela adierazi dute, eta bereziki harro daudela lortutako emaitzarekin.

Jarraitu irakurtzen Berria.eus-en

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!