«Nahiago nuen kolpeak jasan, bainuontziarena egitea baino»

Erabiltzailearen aurpegia Ainara Arratibel Gascon 2016ko eka. 26a, 10:44
Argazkia: Berria.eus

Franco hil baino aste batzuk lehenago atxilotu eta torturatu zuten Nosellas. Orain hilabete batzuk jarri zuen haien aurkako salaketa. Itxaropen gutxi du justizian, baina behintzat memoria egitea nahi du.

Gaiaz hitz egitea kosta egiten zaiola aitortu du Eli Nosellasek (Tolosa, Gipuzkoa, 1959). «Hurrengo egunetan kosta egiten zait lo egitea»; baina garbi du hitz  egin behar duela, jendeak frankismoan torturatuak izan ziren biktimen errealitatea ezagut dezan. Jesus Muñecasen biktimetako bat izan zen, frankismoaren ondarrean.

Zertan da Muñecasen aurka jarria duzuen salaketa?

Salaketa jarrita dago, eta legalki entregatu behar genuen dokumentazioa, entregatuta. Orain, zain gaude. Goldatukoek esan ziguten sei hilabete eta urtebete artean itxaron beharko dugula zerbait jakiteko. Ni adingabea nintzen atxilotu eta torturatu nindutenean; 16 urte nituen. Horrek dena zailtzen du. Dokumentazioa topatzea ez da batere erraza izan. Madrilera eraman zituzten agiri guztiak.

Itxaropenik baduzu Maria Servini Argentinako epaileak hasitako bidearekin?

Espainiak trabak besterik ez du jartzen; beraz, itxaropen gutxi dut. Baina garbi daukat aurrera jarraitu behar dugula.

Aitortza batekin konformatuko zinateke?

Askotan pentsatzen dut: «Zer nahi dut?», Eta, egia esan, ez dakit. Une honetan inportanteena da gertatu zitzaiguna azaltzeko ematen dizkiguten aukerak baliatzea. Isilik egon dena azaltzea.

Nerabe bat zinen langileen eskubideen aldeko borrokan hasi zinenean. Nolatan egin zenuen?

Etxean beti esaten zidaten oso errebeldea eta mugitua nintzela. Injustizien aurrean, modu batean edo bestean, erantzun egin behar nuen. Nik uste mojetan 15 urte ikasten ibiltzeak izan zuela eragina. Han horrenbesteko injustiziak ikusten nituen, ezin nintzen geldirik egon. Gizarte klaseen artean ikaragarrizko aldea egiten zuten. Euskararengatik ere asko sufritu genuen, galtzeraino. Eskolan gaztelania jakin gabe sartu ginen, eta irten ginen euskara jakin gabe. Halako gauzak ezin nituen ulertu, ezin nituen onartu. Egun ere, bidegabea edo injustua iruditzen zaidana esan egin behar dut, eta horren aurka borrokatu.

Gurasoek zer esaten zizuten?

Erditan ez ziren enteratzen. Baina 13 urterekin manifestazioetako batean Poliziak harrapatu ninduen. Adingabea nintzenez, aske utzi ninduten. Baina txosten bat bidali zuten Donostian zegoen Adingabeen Auzitegira. Etxera idatzi bat iritsi zen, han aurkeztu behar nuela esanez. Bidean aitak ez zidan hitzik ere egin.

Beldurrik ez zenuen? Arriskuez jabetzen zinen?

Beldurra pasatu nuen lehen eguna Orixe institutua dagoen lekuan egin zen langileen batzar batean izan zen. Ni artean ikasten ari nintzen, baina joan egin nintzen batzar hartara. Polizia sekretua agertu zen, eta tiroka hasi zen. Handik ihes egin, eta gertu zegoen baserri bateko ukuilu batean ezkutatu nintzen. Orduak eman nituen han. Goizaldeko ordu bietan itzuli nintzen etxera. Pentsa nola zeuden etxean. Ez nien nondik nentorren esan. Ezin nuen. Askotan bezala, gezurren bat asmatuko nuen.

Politikoki non kokatzen zen zuen borroka?

Gu abertzaleak ginen, baina baita  sozialistak eta komunistak ere. Dena denena zen. Gauzak banatzea iruditzen zitzaigun garrantzitsuena. Izan ere, ikusten genuen batzuek asko zutela, eta besteek gutxi. Mundu libre, aske eta desberdin batean sinesten nuen. Uste osoa nuen sistema hura irauliko genuela.

Nola duzu gogoan senarra eta biok atxilotu zintuzteten eguna? Espero zenuten?

Inondik inora ez. 1975. urteko urriaren 16a zen, larunbata. Senarra eta biok zinemara joan ginen, eta etxera itzultzeko taxia hartu genuen. San Cosme San Damian parean kontrola zegoen. Guk artean ez genekien Zarautzen [Gipuzkoa] guardia zibil bat hil zutenik. Geratu, eta senarra ikusi zutenean, berehala atxilotu gintuzten. Izan ere, hamabost egun lehenago atxilotzen saiatu ziren panfletoak banatzeagatik. Nahiz eta gero aske utzi zuten. Gogoz zeuden, berez, hura harrapatzeko. Norbaiti ordainarazi behar zioten hilketa, eta guri egokitu zitzaigun. Berehala esan ziguten guk hil genuela. Etengabe galdetzen ziguten: «Non daude armak?» eta «Non dago pisu frankoa?». Nik ez nekien ezta zer zen pisu franko bat ere. Handik kuartelera eraman gintuzten.

Irakurri erreportaje osoa berria.eus-en

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!