Loquilloren Tupea

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Azaldegi 2015ko abe. 23a, 09:55

Pasa den larunbatean probintziako kapitalera bidaiatu genuen, Easo talde ahalguztidunaren aurka partida jokatzeko asmoz.

«Easo Loquillo» izena du talde Donostiarrak, Rock talde famatu eta bere abeslari eleganteak ematen duen babes ekonomikoari omenaldi eginaz. Partida hasteko 30 minutu falta zirenerako hantxe zegoen Loquillo bera, bere Tupea txukun txukun orraztuta, bere taldeak beste garaipen bat pilatuko zain.

Gure helburua, berriz, garbia zen, Trogloditak bezala jokatzea, talde konpaktu eta indartsu bat osatuta. Partida lokatzetara eraman nahi genuen, joko metodo hori gu baino kalitate gehiago duten taldeen aurka lehiatzeko bide eraginkorrena dela badakigulako.

Baina kaka zaharra, lokatzetara joate bide horretan, faltak, erabaki txarrak, eta Troglodita basatienek ere botako ez zituzten harrikadak bota genituen. Partida oso txarra burutu genuen, aitzakiarik gabe.

Azken emaitza 72,49koa izan zen, eta eskerrak. Eta horrela, kristoren zaplaztekoa jasota, kapitaletik herrira itzuli ginen, herritarrak herritar, eta hiritarrak tupea tente utzita. Eskerrak Alainen tortillek eta partida osoan animatu gintuzten zaleek gaua pixka bat alaitu ziguten.

2015 urtea 4 garaipen eta 5 porroten balantzearekin amaitu dugu. Ez da pilatu zitekeen balantzerik onena, baina ezta okerrena ere! Urte berriak ekarriko digu gure kirolaz gozatzeko eta garaipenak eskuratzeko aukera ugari.

Eskerrik asko urte guztian zehar partidetara bertaratu zareten zaletuei, eta, oro har, TAKE familia osatzen duzuen guztiei. Ondo pasa Gabonak, txintxo portatu eta eman egurra turroiari!

1,2,3 TAKE!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!