Gutuna: Izan zirelako gara

Erabiltzailearen aurpegia Aritza Kultur Elkartea 2016ko uzt. 28a, 12:28

Euskaldunon iruditeria kolektiboan sarri erabili izan den lerroburua aukeratu dugu. Imaginario horretan, atzokoa eta gaurkoaren arteko loturak egiteko baliatzen da. Gaurkotasuna du azkenaldian memoriaren gaiak gurean. Bat batean akordatu beharra sortu zaigu, nonbait. Eta ez da inolaz ere kapritxo bat. Bakoitzak ordea, akordatzearen inguruan egiten duen interpretazioa oso da desberdina.

Eta bai akordatu behar da atzokoaz, beharrezkoa da atzokoaz akordatzea ez soilik omenaldiak egiteko, memoria egin behar da, ariketa horretan gaur gertatzen ari denaren klabe nagusiak bilatu ditzakegulako. Are gehiago esango genuke Nadime Gordimerri segika (Gordimer 2004): «ezin izango dugu gizakiok gure baitako ulermenik lortu, iraganean gertatutakoaren ezagutza eta aitortzarik egin gabe, iragana errepikatu nahi ez badugu behintzat» eta honetan datza gure ustetan gakoa.

Memoria ikaskuntza ariketa da, aitortza egiteko beharrezko aurre lana izatearekin batera. Inportantea da gogoratzea ikasteko eta historiografia ofizialak modu orokortuan egia bakarra balitz bezala kontatu duena ezbaian jartzeko; inposatuak diren curriculum arautuek historia bat bakarra balitz bezala kontatu digutenean, memoriaren lanketak itzelezko garrantzia du. Hau ere gertatu da eta esan egin behar da.

Egunotan, Azpeitian, Euzko Gudarostea osatu izanaren ospakizunak burutu dira Azpeitiako Udalak sustatuta, herri horretan sortu baitzen Azpeitiako Komandantzia, eragile abertzaleen ekimenez. Hainbat Tolosaldeko herritar aipatu gudarostean borrokan aritu ziren tirano batek, armak eskuetan legalitate demokratikoa, hots errepublika, hankaz gora jarri zuelako eta aurre egin zioten. Kuraiaz, euskal interesak defendatuz. Gazteak ziren eta ziurrenik ez zuten errekete eta haien laguntzaileek zituzten neurriko armarik baina argi zuten. Hain argi ezen prest zirela euren bizia eman eta gerora euskal kausa bezala ezagutu denari hastapena emateko. Euri asko egin du geroztik.

Ekintzaileak ziren, ilusioa zuten, gazteak ziren, baliabidez urri zebiltzan baina herri baten etorkizuna marrazteko nahikoa ekarpen egin zuten. Testuinguru horretan sortu zen Eusko Jaurlaritza bera ere, gerra testuinguruan. Herri bat amesten zuten Ebrotik Aturrira eta haren defentsan armak eskuetan borroka egin zuten.

Azpeitiako Komandantziaren aipamen honetan bada azpimarratu beharko genituzkeen beste pare bat ertz, gutxienik. Egungo errealitatera ekartzeko eta gogoetarako marko egokia eskaintzen duena. Lehenak: Eusko Jaurlaritzaren sorrerari egiten dio erreferentzia, gerra lehertu eta Euzkadiren berezko interesak defendatzeko ahaleginari. Bigarrena, aipagarria da euskal agintaritzaren sustatzaileak nortzuk izan ziren azpimarratzea, bai bere dimentsio politikoan zein militarrean euskal eragileak izan ziren: EAJ, EAE-ANV, Jagi-Jagi, ELA-STV eta Euskal Nekazarien Batzarra, hain justu. Eta honek batasuna adierazi nahi du. Eta batasuna beharrezkoa da helburu handiak erdiesteko.

Villabonako udal agiritegian jasota dagoen dokumentu batean originala da, garaiko alkateari igorritako ohar batekin lagunduta Estatuto General del Estado Vasco proposamena jasota dago. Euskal estatuaz ari ziren abertzaleak 1931an, behintzat.

Hau irakaspena da, ohar hartzeko gonbitea, nahi bada.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!