Aldaketa, feminismotik helduko da

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Sorondo Bidaor. 1979-1983 artean Amasa-Villabonako hautetsia 2021ko aza. 28a, 07:57
Demokrazia aroko herriko lehen bi emakume zinegotziak izateagatik aitortza jaso zuten Amasa-Villabonako udaletxean Bittori Zeberiok eta Arantxa Sorondok (irudian). JON MIRANDA

Emakume eta feminista izaera batere samurra ez bada gaur egun, zer esanik ez 40-70 hamarkadako urte haietan. Francoren erregimenen azken urteetan, hark inposatutako ideologia ultrakatolikoa eta eskuindarren aurkako borrokak gero eta emakume gehiago bildu zituen Euskal Herriko bazterretan eta bigarren mailako hiritar izateari uzteko asmoz, klandestinitate garaitik «demokrazia» deituriko garaira pasa ginen, Franco hil zen unetik. Euskal emakumeen mugimendua nabarmendu eta talde txikitan antolatzen hasi ginen: Euskal Herrian mugimendu feministaren hazia jarrita zegoen.

Alderdi politiko eta sindikatuetako kide zirenek, berriz, aldarrikapen feministak hauteskundeetarako programa politikoetan sartu zitzaten lortzen hasi ginen. Gure herrietan ere ildo horretatik mugitzen hasi ginen: instituzioetan sartzen (bereziki udaletan) emakume eta kontzientzia feminista indartuz. Ahalduntzen hasiak ginen.

Beste kontu bat da nola hartuak izan ginen instituzioetan, gure konpromisoaren eta egin nahi genuen lanaren aurrean. Ez guk nahi bezala. Erakunde politiko eta alderdietan maskulinitatea zen nagusi eta zenbait zeregin feminizatuagoak ikusten ziren. Nola hala lan arloak: hezkuntza, euskara eta kultura, oro har. Nolabait bigarren mailako senti arazten gintuzten oraindik. Berriro ere beste zenbait arlotan aritzeko gai ginela demostratu beharrean aurkitzen ginen. Emakumeon patua, oraindik ere. 

Gure gizarte gatazkatsuan, lehen eta orain, emakumeok izan eta gara kolpatuenak. Jendartearen antolakuntza patriarkalean, gizonei eta emakumeei dagozkien rolak, identitateak, sinismenak eta baloreak oso zehaztuta daude eta horrexek eramaten gaitu bizi-baldintza eta gizarte posizio ezberdinak izatera. Lehen bezala orain ere, gizonen bizitzaren eta maskulinitate jakin bati balio handiagoa ematen zaionez, eta emakumeok pobreenak eta prekarizatuenak garenez, borrokan jarraitu behar dugu ezberdintasunak gainditzeko.

Bestalde, gatazken konponketarako espaziotan emakumeok egoteko aldarria egin dugu eta indarkeriak eragindako inpaktuen aurrean saiatu: egia, justizia eta erreparazioaren agendan. Dena dela, gurean, historikoki gatazkaren kudeaketari dagokionez, pisu edo zer esan gehiena alderdi politikoek eta instituzioek izan dute eta ez hainbeste eragile sozialek. Hori aldatu behar dugu.

Emakumeok ahalduntzen goazen heinean, bide berriak aurkitzen eta urratzen ari gara, ahalegin horregatik bortizkeri itzela pairatzen ari bagara ere. Azken urteetako feminismoaren olatu geldiezinak, bai Euskal Herrian eta baita mundu mailan ere, indarra ematen digu amesten dugun gizarte berri baten aldeko borrokan jarraitzeko. Aldaketa feminismotik helduko da edo ez da lortuko.

Erlazionatuak

Erakundeetatik herrigintzara

Jon Miranda Labaien 2021 aza 28 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!