Kultura, aisialdia…

Erabiltzailearen aurpegia

Orain bai, orain ez. Orain… bai, orain… ez. Aldizkako argiak edo keinukariak bezala dabiltza kultura eta ostalaritza eta gu ere beraiek bezala: erotzeko moduan. Besteak beste, gizakiok kultura eta aisialdia beharrezkoak ditugu gure sozializaziorako. Emozioak azaleratzeko, jarduera osasungarriak burutzeko, esperientziak trukatzeko… Hitz gutxitan, bizitza ederragoa eta gizakiagoa egiteko.

Murrizketa eta zailtasunen gainetik kulturgileek eta ostalariek, nekez bada ere, bide eta eskaintza berriak birpentsatu edota asmatzen ari dira. Aisialdiaren barruan ostalaritza da esparru bat eta gure kulturan harremanetarako gune esanguratsua, sozializatzeko gune eta plazer txiki batzuk gauzatzeko gune. Ahaztu gabe era askotako pasotismoaren gune ere izan daitekeela.

Tabernak ez dira ez gaurko asmakizunak. Grezia klasikoan ere ba omen zeuden tabernak. Erromatarren garaian ere. Handik Europara barreiatu eta Erdi Aroan erabat hedatuta zeuden. Historialari eta psikologoek diote soziabilitate informaleko espazioak direla tabernak. Aspalditik dira ezagunak munduan zehar kafe-tabernak non, bilerak, tertuliak, musika, ikuskizun askotaz gozatzeko aukera ematen diguten. Gaurko egoeran, egunero borrokatuz eskaintza paregabea eskaintzen diguten ostalariek, gutxienez gure aitorpena eta esker ona merezi dutela esango nuke.

Eta zer esan eskaintzen dizkiguten mokadutxo eta kafetxo goxoez at erakusten diguten pazientzia eta enpatiaz? [...] Esan ohi da tabernariak psikologian masterdunak direla eta memoria itzelekoak.

Eta zer esan eskaintzen dizkiguten mokadutxo eta kafetxo goxoez at erakusten diguten pazientzia eta enpatiaz? Bezeroen penak eta ezinak entzuteko gaitasunaz? Esan ohi da tabernariak psikologian masterdunak direla eta memoria itzelekoak. Denok dakigu kafea eskatzerakoan adibidez, taldean bagaude, gehienok era desberdinean preparatzeko eskatuko diogula zerbitzariari: hutsa, esnearekin, deskafeinatua, sakarinarekin… etab.

«Zer da ba kafe bat, katilu batean harrapatutako besarkada bat ez bada?» -Irakurri nuen behin-. Ez dut uste besarkadarako leku asko geratuko zitzaionik kafe bat eskatzerakoan horrela eskatu zuen bati: «Kafe deskafeinatua, baso txikian, laktosarik gabeko esnearekin, hotza baina ez izozkailukoa, sakarina eta aparrarekin, mesedez».

Beraz, une gogor hauetan, beldur, debeku, sozializazioari eta harremanei mugak eta norabideak ezarri nahi dizkiguten honetan, baloratu dezagun daukaguna eta saiatu gaitezen hobetzen eta indartzen denon onerako dena. Murrizketak eta debekuak tamainan, eta alternatiba gehiago sozializaziorako!

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!