Hau lainotzarra!

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Sorondo 2020ko eka. 28a, 06:00

Ordenagailuaren aurrean eseri, orri zuria eskatu eta lainotzar bat buru gainean sumatuz idazten hastera noa. Zurrunbiloan mugitzen ari da gainera laino astun hori. Ea ba euri tanta moduan husten den idatzi honetan.

Egun, aste eta hilabete gogorrak daramazkigu giro korapilatsu, ilun eta kontraesankorrean, 'informatzaileek' BELDURRA mamu bezala erabiliaz, ia paralizatuta uzteraino eta zomorro madarikatua OBEDIENTZIA edo SUMISIOA bitartez gaindituko dugula sinetsi arazi nahian.

Eguneroko informazio mediatikoa, militarrez babestuta, sinetsi beharreko gaixo eta hildako zenbakiak eta zenbakiak. Adindu askoren egoera tamalgarriaz eta jasotako tratu tamalgarriagoaz 'informatzen' eta krisi ekonomikoaren mamua astinduz lan etenak ekiditeko, besteak beste agerian utziaz murrizketen ondorioak arlo guztietan: osasun publikoan, zaintzan, hezkuntzan, kulturan... Bestalde, agerian geratu dira politikoen eta patronalaren interesak (elektoralak barne).

Jarraian etorri dira erabaki kontraesankorrak eta nahasiak: mugikortasunari buruzkoak, aisialdikoak, eskolakoak, zaintzakoak... (aiton-amonak ia inutil totalak kontsideratuak izan gara eta arrisku handikoak, kontziliazioaren zailtasunak agerian geratu diren arte). Egun batetik bestera ezinbestekoak bihurtu gaituzte bilobak zaintzeko... Et, et, et, et... nahikoa da! Hemen ere ikusi da sistemaren ipurdian zuloa handitu dela. Datozen hilabeteetan, agerian geratu diren gabeziak, aldaketak etab., agente guztiekin zintzo demonio heltzeko ordez, hor dabiltza agintariak oporrak promozionatzen, futbola eta gainontzeko opiazeoak nola martxan jarri pentsatzen eta pausoak ematen. Diru andana onartuz AHT eraikuntzarako, metro, errauste planta eta bestelako proiektu 'estrategiko-faraonikoak' bultzatzearekin batera.

Aiton-amonak ia inutil totalak kontsideratuak izan gara eta arrisku handikoak, kontziliazioaren zailtasunak agerian geratu diren arte


Maskarak, besteak beste, estali ezin dituzten miseri eta arrakalei aurre egiteko, herritarrek, gertuko erakunde eta talde eragileek elkartasun ekintzak antolatzen hasiak dira. Beharrezkoak dira ekintzak baina ez nahikoak sistemaren injustiziei aurre egiteko. Asteetan zaintza lanetan aritu direnei txalo jotzeak, beraien eta herri ororen eskubideen aldeko borroka bihurtu behar ditugu, hasi eskola komunitatetik (kontziliazioa, zaintza, erronka berriak...), murrizketa guztiei helduz, zerbitzu publikoen aldeko apustua eginaz pribatizazioa eteteko; inondik inora krisi hau betikook ordaindu behar ez dugulako.

Lainotzarraren ttantto gehienak hustu ondoren eta esperantzari lehioa irekiaz, buruan bueltaka dabilkidan Izarren hautsa abesti ezagunaren estrofa batekin bukatzen dut: LANA (BORROKA) EGINAZ GOAZ AURRERA, KATE HORRETAN DENOK BATERA GOGORKI LOTURIK GAUDE.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!