Eta desagertu zenekoa

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Iturbe 2021ko ots. 19a, 07:58
NRA

Eta eta pezeta bateratsu desagertu ziren. Ez bat ez bestea ez erabat, baina ia-ia. Geratzen da oraindik baten zein bestearen arrastoren bat, baina teknikoki baliogabetuta daude biak.

Etarena bi mila eta hogeian errematatu genuen. Mende berrian ahoz aho gehien ibili den urtea izango da (berri honek kenduko dio errekorra hilabete batzuetan), eta aho gehienetan etarik gabe. Bai. 2020. Bi mila hogei, 'eta' irensteak tripako minik eragiten ez dionaren ahotan. Eta estomago asko dago hitz garrantzitsuak janagatik ezer antzematen ez duenik. Bejondeiela. Kontua ez da gauzak dauden-daudenean hiztunei urdaileko ondoeza opa izatea. Ez-eta belarrikoa ere. Eta inolako ikerketa zientifikorik egin gabe ziurta liteke (oinarri sendorik gabeko ziurtasunez gortuta dauzkagu belarriak aspaldian) 'eta'k irensteak ez duela sabelean eraginik izan ohi, baina hori baino deigarriagoa da ez diola entzumenari ere kalterik egiten; ez kalterik eta ez-eta kilimarik ere. Baieztapen honen ondorioak kezkatzekoa beharko luke, egiaztatuko balitz esan nahiko bailuke etaren desagerpen sistematikoa hasi aurretik entzumena kaltetua geneukala zeharo.

Zantzuak joan den mende amaierarako agertzen hasiak ziren. Kirol emankizunetan jabetu ginen. Pilota partiduen emaitzak hogeita bi eta hamar izatetik hogeita bi-hamar izatera pasatu zirenean, edo gure futbol talde kuttunak hil edo biziko partida hura lau-bi galdu zuenean, edo bat-hemeretzi irabazi (emaitzak ez dio batere axola kontu honi dagokionean).

-Eta?- galdetuko du norbaitek. Ba, horixe da gakoa. Eta zer poza, bestalde. Bakarren bat konturatu da zeinen garrantzitsua den!

Eta ezer ez. Ez da ezertxo ere gertatzen. Dinosauroak ere desagertu ziren eta ez zen ezertxo ere gertatu. Eta askoz ere handiagoak ziren.

Bi mila hogei, 'eta' irensteak tripako minik eragiten ez dionaren ahotan. Eta estomago asko dago hitz garrantzitsuak janagatik ezer antzematen ez duenik. Bejondeiela.

Erraz zuritu liteke 'bi eta bat' esatea luzeegi jota logikoa dela hiztunak 'bi bat' hobestea. Ekonomia kontua. Hizkuntzaren ekonomia esaten diote. Esango dizute 'bi mila eta hogeita bat'ek amaiezina ematen duela 'bi mila hogeita bat'en ondoan (gorroto dut zapuztailearen paperean jartzea, baina 2021ek amaiezina bihurtzeko tankera guztia dauka, 'eta'z edo gabe).

Eta? Ba, ezer ez. Ekonomiaren izenean bada, bedi. Baina dezentez ekologikoagoa litzateke inguruko erdaren imitazioa ekonomiaren aitzakiaz estaltzea baino hizkuntzarekin ere zero kilometroarena praktikatzea. Eta hemen bi mila eta hogeita batgarren urtean gaude. Eta desiratzen gaude lehenbailehen pasatzeko, eta pasako da, eta urte berria hasiko dugu, eta hura bi mila eta hogeita bigarrena izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!