Entzunkatzaileak

Erabiltzailearen aurpegia

Kondairak dio bi trapu eta irudimena nahikoa direla Tolosan mozorrotzeko. Kondairak dio edozein kale kantoitan topa litezkeela herritarrak urte osoko mozorroa erantzi eta lanbide berriren bat asmatuta festa jartzen. Kondairak dio urtero agertzen dela larunbatez bisitari mozorroturen bat eta txaranga doinuak entzun eta saltorik egin gabe geratzea ezinezkoa dela.

Garrantzitsua da kondairak entzutea. Entzutea eta ikustea bi gauza desberdin direla ulertzea bezainbeste. Entzundako kondairak sinesten jarraitu nahi izatera begiak ixtea hobe. Bestela azkarregi konturatuko zara beharbada, ikusten ari zarenak salbuespen gero eta salbuespenago batzuetan bakarrik duela entzundakoaren antza. Begiak itxiz gero ordea, belarriak arazo. Belarriak itxi ezina, batez ere. Eta horrixe heltzea erabaki dute agintariek aurtengo jai egunetarako arazo kategoria emanda.

Inauteriek badute, kondairak hala dio, agintariekiko jarrera kritikoa plazaratzeko ahalmena.

Horregatik otu zait, behingoagatik lerrook idazteak zerbaitetarako balio dezakeela sinetsita, aurtengo mozorro izarra aurreratzea: entzunkatzaileak.

Egunok espero baino lehen iritsi baldin bazaizkizu, gaztetako pailazo mozorroa kabitzen ez bazaizu edo txilabari iaz egindako tarratada josten hasteko gogorik ez badaukazu, hara hemen ideia: bihur zaitez entzunkatzaile. Uniformerik gabea. Delitu egileak ezustean harrapatuko dituena.

Hartu etxean daukazun edozein gailu desgaitu. (Atzoko gailu gehienak dira gaur desgailu). Hamar urteotan zertarako ote zen ahaztua duzun grabagailua, modem zaharkitua, jada balio ez duen routerra, mikroondasa edo irratia... Izan dadila zerbait soinua neurtzeko balio duen itxura daukana. Eta segi harekin kalera. Neurtu soinuak eta musikak, neurtu hanka azpiko dardarak, neurtu konbersazioak eta kantuak, oihuak eta kexak. Neurtu zarata. Eta jakinarazi zarata egiten ari denari berea ez dela entzungarria. Hala esaten dutela besteek eta batez ere, zure neurgailuak.

Gogora arazi, bide batez, soinua zarata bihurtzen den marra gainditzen ari direnez, festarako jasotzekoa zuten diru laguntzarik gabe geratuko direla. (Txikikeria dirudi baina garrantzitsua da diru laguntzarena aipatzea, norbaitek jolasa serio hartzea nahi baduzu).

Entzunkatzailearena egiteaz aspertzen zarenean gorde neurgailua (gogoratu, sinfalta, inauteriak bukatutakoan garbigunera eramateaz) eta segi festara. Zeure festara. Zarata jasangaitzetik urrun. Gogoko zarata guneetara. Besteentzat zarata den hori zuretzat soinua edo doinua den tokietara.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!