Zebra-bidean

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Iturbe 2019ko urr. 19a, 05:57

Ez luke zebra-bideak zebrarena bezalako zalantzarik eragin behar, bide zuri ote den marra beltzez edo bide beltz marra zuriz.

Asfaltoaren gaineko marra zuriak dira. Akabo misterioa. Baldin eta misterioa ez balitz zebra-bideak nola gristen gaituen.

Autoz zoaz. Ez bazara mugitzen zebra-bidera arrimatzen ari den nerabe talde horrek noiz gurutzatu zain egon beharko duzu. Eta koadrilatxoa dira. Zuk ez daukazu denborarik, jakina. Badakizu gogor eman ezean ez duzula lortuko haiek baino lehen pasatzea. Eta pasa beharra daukazu.

Toki berean, eta deskuidatuz gero egun berean, zebra-bidearen ertzean geldirik, ez du ematen datorren auto horrek mantsotzeko asmorik duenik. Ez dago eskubiderik. Pausoa luzatu duzu, lehentasuna nork daukan ikas dezan. Irribarrez gurutzatu duzu. Eta ez zaizu irribarrerako motiborik falta. Garaile irten zara. Bai autoz eta bai oinez. Gerta zitekeen kontrakoa ere.

Elkarbizitzari buruzko leziorik xumeena eta sakonena izan da zebra-bidea. Zentzuz jokatzen ikasteko bidea. Besteak ikusi eta errespetatzekoa, jendetasuna praktikatzekoa.

Horregatik harritzen nau oraindik eskola-umeen mugimendua hasten den uneetan zebra-bideen erdian udaltzainak ikusteak. Prebentzioagatik izango da. Zer gerta ere. Umeek zebra-bideak arriskurik gabe gurutza ditzaten. Ulertzekoa da. Ez du ezertarako balio istripua gertatu ondorengo arrangurak. Erdian jartzen dira, trafikoa gera arazten dute, eta han pasatzen dira umeak oinez, bizikletaz, patinetez, zebra-bidea euren bidearen jarraipen naturala bihurtuz. Eta izan hala da. Baina, -eta zebrak marrak adina 'baina' ditu gaiak-, era berean da ulertzekoa umeek eguneroko praktikari esker jasotzea zebra-bidea ezker-eskuin begiratu beharrik gabeko pasabide segurua dela. Eta izan hala behar luke, segurua. Baina ezker-eskuin begiratu eta gero. Eta era berean, ulertu nahi duenak erraz ulertuko du helduok ez garela betebeharrekiko hain fin portatzen autoritaterik ezean. Alegia, uniformedunak alto ematea bezalakorik ez dagoela alto egiteko.

Zeinen grisak garen jabetzeko ez dago ikerketa handirik egin beharrik. Nahikoa da egun batzuz zebra-bideari begira egotea. Autoa gidatzeko adinera iritsi gabeei mesede ederra egingo genieke zebra-bideari buruzko lezioa behar bezala irakatsita. Eskubideak eta betebeharrak pack berean etortzen direla jakinarazita. Baietz. Lehentasuna dutela. Baina lehentasuna ez dela lehentasun bakarra. Baina ederrak gaude betebeharrei buruzko lezioak emateko zebra-bideko minutua ez galtzeagatik, lehentasuna zuritzeko ahaleginean bizi garenok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!