Ahozko egia

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkola Agirrezabala 2021ko mar. 20a, 07:58
'Non dago Mikel?' dokumentalaren kartela. ATARIA

Azken urteetan, asko hitz egin da errelatoaz, egiaz eta kontakizunaz, baina hitz horiek entzuten ditudan bakoitzean neure buruari galdetzen diot zein errelatoz, egiaz eta kontakizunez ari diren.

ETAk 2011n borroka armatua utzi zuenean nerabea nintzen ni, eta beraz, erakunde armatuaren azken urteak soilik ditut gogoan erabat kontzienteki. Gatazka armatuaren ondorio edo eraginak ez ditut bere gogorrenean eta lehen pertsonan bizi izan, ez dut gertuko presorik izan, ez desagerrarazitako pertsonarik, ez eta hildakorik ere. Hala ere, gatazka horren oihartzunak, kausak eta eraginak entzun eta salatu izan ditut, oraindik ere, bizi-bizirik jarraitzen dutelako horietako batzuk.

Azken hilabeteetan, Euskal Herriko historia garaikidean girotutako hiru film dokumental ikusteko aukera izan dut zineman: intsumisioari buruzko Lau urte, bi hilabete eta egun bat, Caminho longue eta, azkenik, Non dago Mikel?. Intsumisio mugimenduaren lorpena, Alfontso Etxegarairen eta Kristiane Etxaluzen itzulera bidaia, eta Mikel Zabalzaren tortura eta hilketa krudela kontatzen dituzten hiru lan. Ikuspegi ezberdinetatik gure herriaren historia hurbilaren testigu izan nahi duten hiru lan, hunkigarriak eta ederrak bezain gogorrak. Bestalde, Espainia aldetik ailegatu zaigu Patria telesaila, Espainiak bere errelatoa inposatzeko abian jarri duen makineriaren beste adibide bat baino ez dena.

Hain zuzen, Elena Irureta Patria telesaileko aktoreak adierazi du telesail hori errelato bat dela, eta errelato asko behar dituela herri honek. Baina hori entzuten dudan bakoitzean, pentsatzen dut ea momentu honetan posible den errelato ezberdinak sortzea. Herritar guztiok dugu gure errelatoak sortzeko baliabide, aukera eta askatasun bera? Lasai hitz egin dezakegu, esaterako, euskal gatazka armatuaz eta horren kausaz? Jakina da ezetz; horiek sortzeko ezinbestekoa baita lehenengo egia osoa jasotzea, iritziak plazaratzeko aukera izatea, eztabaidatzekoa, eta hori, gaur gaurkoz, ezinezkoa da. Horrela zioen duela ez asko Miguel Castells abokatu ezagunak: «Auzitegi Nazionala eta berak aplikatzen duen salbuespenezko legedi antiterrorista dagoen bitartean, ez dugu adierazpen askatasunik izango ETAri buruz egiazkotasunez informatzeko».

Lasai hitz egin dezakegu, esaterako, euskal gatazka armatuaz eta horren kausaz? Jakina da etzez; horiek sortzeko ezinbestekoa baita lehenago egia osoa jasotzea, [...], gaur gaurkoz, ezinezkoa da

Bidea, beraz, ez da erraza izango, eta hiru dokumental horien gisan, herritik bultzatutako proiektuak ezinbesteko izango dira. Hori, eta ahozko transmisioa: Zabalza zenaren ilobek esaten duten gisan, egia ahoz igaroko delako belaunaldiz belaunaldi, Euskal Herriko etxeetako isiltasuna hausten denean, eta ahozko transmisioari bide ematen zaionean. Gure etxeetako sukaldeak baitira gure territorio libreak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!