Koronabirusa

Inoiz baino zatituago

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkola Agirrezabala 2020ko eka. 19a, 11:30

Ezingo dugu Kantabriara joan». Horrela hasi zen pasa den asteko albistegietako bat euskal telebista publikoan. Kantabria, Revilla eta bigarren etxebizitzak. Zentzu komunetik begiratuta, krisi garai hauetan bigarren etxebizitzara joan ezin izatea albistegia irekitzeko motibo ez iruditzeaz aparte, sekulako zaplaztekoa da Euskal Herria zazpi probintziez osatutako herri gisa sentitzen dugunontzat.

Pasa den astekoa, ordea, EITBk hartu duen edo azken urteetatik datorren norabidearen beste arrasto bat baino ez da. Konfinamenduaren ondorioz, denbora gehiago pasa dut telebistaren aurrean, eta behin baino gehiagotan itzali dut suminduta, kezkatuta eta arduratuta. Behin irakurri nion bati, eta ez zaio arrazoirik falta: «ETB2, edo nola deseraiki herria». Izan lehiaketetan, albistegietan edota entretenimendu programetan. Euskadi, erreferentzia nagusi, eta begiak Espainiara begira. Joan daitezela popatik hartzera Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko euskaldunak.

Euskaldun askok hobeto ezagutuko dute Revilla, Txibite edota Etxegarai baino; Errioxa edo Kantabriaren pare sentituko dute Nafarroa, Espainiako Estatuko beste autonomia erkidego bat gehiagoren gisan, eta zer esanik ez, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa; inoiz baino urrutiago sentitu ditut Bidasoaren beste aldean bizi diren euskaldunak. Inoiz baino zatituago sentitu dut Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga, eta inoiz baino aldenduago mugaren bi aldetako herritarrak.

Konfinamendu garaian Naiz irratian egindako elkarrizketa batean, Lapurdin bizi den herritar batek esan zuen ez genukeela muga hitza erabili beharko. Berarentzat, Hendaiaren eta Irunen artean dagoena Santiagoko Zubia dela, besterik gabe, eta euskaldunok horrela izendatu beharko genukeela. Zubia. Besterik ez. Hausnarketa interesgarria iruditu zitzaidan gure barneko muga mentalak deseraikitzen hasteko. Erabiltzen dugun hitz bakoitzarekin ere osatzen baita herria.

COVID-19ak eragindako krisiak agerian utzi ditu sistema honen hainbat gabezia. Gehituko nuke bistarazi dituela gure herriari inposatutako zatiketa administratiboaren ondorioak ere

Egun hauetan, askotan aipatu da COVID-19ak eragindako krisiak agerian utzi dituela sistema honen hainbat gabezia. Gehituko nuke bistarazi egin dituela gure herriari inposatutako zatiketa administratiboaren ondorioak ere. Horrela izan da nire kasuan behintzat: lehen pertsonan bizi, sentitu eta sufritu dudalako maite ditudan pertsonak ezin bisitatzea.

Badirudi ekainaren 22tik aurrera joan ahal izango dugula Ipar Euskal Herria osatzen duten hiru lurraldeetara zein Nafarroara. Ez guk erabaki dugulako, Espainiako zein Frantziako estatuek baimena emango digutelako baizik. Eman beharko liguke zer pentsa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!