Begiratu, ala ekin?

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkola Agirrezabala 2019ko urr. 26a, 05:58

ATARIAko kideen mezua jaso nuen duela hilabete inguru ea astekari honetako iritzien txokoan nire aletxoa jarriko ote nuen.

Ez dizuet gezurrik esango; ilusioz hartu nuen, baita ardura eta erantzukizun handiz ere; Zer esango dut nik astekariko hirugarren orri honetan? Zer kontatuko diet nik Atariako irakurleei?

Eta ailegatu da eguna. Eta jarri naiz orri zuriaren aurrean lehen aldiz. Eta behin eta berriz galdetzen nion neure buruari zeri buruz idatziko ote nuen. Hori baita lehen urratsa, zeri buruz idatzi zehaztea. Ez hori bakarrik, transmititu nahi dugun ideia pentsatzea, irakurleari mezu bat helaraztea, alegia.

Horretan ari nintzela ailegatu dira Kataluniako buruzagi independentisten eta Altsasuko gazteen aurkako epaiak. Eta iritsi dira mobilizazio deialdiak, Kataluniatik ailegatu zaizkigun irudi ikusgarriak. Herritarrren mobilizazio jendetsuak egunez egun, milaka herritar kalean, sententziaren aurka, irmo eta tinko, «aurrera, eta atzerapausorik gabe», hain sutsuki oihukatu duten bezala.

Eta, bitartean, hemen, Euskal Herrian, sare sozialetara begira, inbidia puntu batez eta Kataluniako tsunamia Euskal Herrira noiz ailegatuko den galdezka. Bi egunen buruan, Euskal Herrira ere iritsi ziren mobilizazioen irudiak; Hego Euskal Herriko hiriburuetan herritar ugarik hartu zuten parte Ernaik deitutako mobilizazioetan, eta baita Erreferenduma ez da delitua lelopean, Gure Eskuk Donostian deitutako manifestazioan ere.

Kazetari gisa, manifestazioaren jarraipena egitea egokitu zitzaidan, eta gertutik ikusi ahal izan nuen Bel Pozueta, duintasunez, Altsasukoak askatu oihukatuz. Orduan gogoratu nintzen Altsasuko gazteez, eta horiekin batera, etengabe Kataluniako independentismoaren indarkeriaz hitz egin duten hedabideez. Hori delako indarkeria estrukturala, ongi antolatua, oinarri sendoak dituena: Katalauniako buruzagi independentistei 9-13 urte arteko espetxe zigorra ezarri dien Estatua, Altsasuko zazpi gazteri bederatzi urte arterainoko espetxe zigorrak jarri dizkiena; azken batean, azken urteetan milaka euskal herritar independentista torturatu eta espetxeratu dituen berbera.

Horregatik, pasa den larunbatean Donostian egin bezala, bihar Iruñeko kaleetara joatea dagokigu. Altsasuko gazteen askatasuna eskatzeko, elkartasuna adierazteko, eta gazteei zein senideei gure maitasun osoa helarazteko. Erakutsi dezagun berriz ere bizirik dagoen herri bat dagoela hemen, askatasuna desio duena, eta Iruñeko kaleetan biltzen dugun indar hori eraman dezagun gure herrietara, gure borroka eremuetara, hori baita Katalunia eta Euskal Herriko burujabetza prozesua azkartzeko modua, ez bakarra, baina bai lehentasunezkoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!