Ahozkotasuna altxor bihurtzen

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkola Agirrezabala 2018ko aza. 18a, 11:12

Bertsolaritza plazako edo txapelketetako bertso jardunarekin lotzen da askotan, baina bertsoaren bidea ez da oholtza gainean amaitzen. Mikrofonoetatik kanpora, egitasmo ugari ari dira bertsogintzaren bueltan lanean; horien artean dago Xenpelar Dokumentazioa Zentroa (XDZ). Benetako altxorra dago Subijana Etxeko liburutegian eta biltegian, eta hori erakutsita hasi da Oihana Aranburu (1975, Hondarribia) koordinatzailea egitasmoaren berri ematen.

Hasiera-hasieratik oso garrantzitsua izan da Bertsozale Elkartearentzat dokumentazio zentroa. Horrela baieztatu du Aranburuk: «Orduko hainbat bertsolariren eta bertsozaleren kolektiboek sortu zuten elkartea 1986. urtean, eta garai horretan elkartearen muinean zegoen jendeak estrategikotzat jo zuen dokumentazioa artxiboa deitzen zioten orduan. Jexux Murua eta Koldo Tapia hasi ziren zeregin horretan, eta, ordutik, kolektibo horren apustu ekonomiko eta estrategiko nagusienetakoa izan da».

Bertsozale Elkartea sortu eta urte gutxira, beka deialdi bat jarri zuen martxan. Arantza Mariskalek irabazi zuen, eta berak egin zuen proposamena. Hutsetik hasi behar izan zuten guztia egiten: «Zein dokumentuen bidez jasotzen da bertsolaritza? Zer gorde behar da? Eta zer ez? Nola antolatu eta tratatu behar da? Hori guztia idatzi, eta 1991n sortu zuten XDZ».

Gaur egun, bost pertsonek osatzen dute lan-taldea. Nere Erkiaga eta Oihana Aranburu kanpo-harremanez eta lan-taldearen koordinazioaz arduratzen dira. Horretaz gain, Erkiaga dedikatzen da informatikariekin batera barruko tripak diseinatzeaz. Aranburu, berriz, ikus-entzunezko materialaren tratamendu, antolaketa eta lanketan aritzen da. Itsaso Noyak liburutegiaren martxa darama, eta Irati Zalduak prentsarena: «Egunkari, herri aldizkari edo astekarietan, bertsolaritzari buruz agertzen diren artikulu mamitsuak jaso eta datu basean jasotzen ditu», azaldu du Aranburuk. Azkenik, Olatz Amundarainek argazki bilduma kudeatzen du: argazki negatiboak, diapositibetan daudenak, euskarri digitalean jaso eta biltzen ditu.

Helburua: dokumentazioa bildu, jaso eta eskaini

Dokumentazio zentroaren helburu nagusia da bertsolaritzaren bueltan sortzen den dokumentazioa jaso, antolatu eta herritarrei eskaintzea: «Etengabe jasotzen dugu dokumentazioa, ondare zabal hori geroratzeko asmoz. Biltegian godetzeaz gain, antolatu eta kontsultagarri jartzen dugu».

Lan horretan, ezinbestekotzat jotzen dute beste eragileekin duten harremana: «Oso garrantzitsua izan da Euskal Herriko hainbat dinamikekin harremanak egitea. Euskal Herri mailako proiektua da, eta guk ez daukagu ahalmenik toki guztietara iristeko, dena grabatu eta jasotzeko». Argi du, ordea, beren helburua ez dela den-dena biltzea: «Guk nahi duguna da kalitatezko lagin bat jaso eta hori eskaintzea, eta hori egiteko jendearen laguntza behar dugu. Guk egiten duguna da bilketa hori koordinatu, harremanetan jarri eta jasotzen dugun dokumentazio hori guztia antolatu eta eskaini».

Horretarako, bertsolaritza mugimenduko beste hainbat elkarterekin elkarlanean aritzen dira, eta beraiek ere baliatzen dute bertan jasotako dokumentazio guztia: «Elkartearen bueltako dinamika guztiek hemendik jaso dezakete dokumentazioa, eta informazio hori ondo antolatzeak hainbat egitasmo martxan jartzeko erraztasuna eta arintasuna ematen die».

Fitxategi horiek guztiak antolatzea eta biltzea ez da lan hutsala, ordea: «2000. urtetik aurrera, fitxategi guztiak digitalizatu eta fitxategi guztiak karpetetan antolatzen ditugu. Karpeta horiek datu base batean jasotzen ditugu, eta horrek sekulako hezurdura eskatzen du», zehaztu du. Dokumentazio lan horretan arlo asko hartu behar dira kontuan, eta beste hainbat esparrutan bezala, beraiek ere gertutik jarraitzen dute teknologiaren bilakaera: «Fitxategiak jasotzerakoan ezinbestekoa da formatuen jarraipena egitea; orain mp3 formatuak funtzionatzen du, baina gerta daiteke urte batzuk barru formatu hori ez irakurtzea eta milaka fitxategi beste formatu batera emigratu behar izatea», adierazi du Aranburuk.

Audioekin ez ezik, bideoekin zein argazkiekin ere gauza bera gertatzenzaie: «Badaude formatu batzuk apenas erabiltzen direnak, edo konpresio batzuk software berezi batzuk behar dituztenak irakurri ahal izateko. Eguneratuta egon behar dugu etengabe, baina, era berean, iraganean erabiltzen ziren formatuak (DVD-C, Mini disc, VSG....) irakurtzeko eta gaur egungo formatu estandar batera pasatzeko tresnak ere behar ditugu», azpimarratu du Aranburuk. Horrek mantenu lan handia eskatzen du, segurtasun kopiak dituzte eta horrelako zentro batean egoteak ziurtasuna ematen du dokumentazioa ondo egongo dela biltegiaren tenperatura baxua da, ez dago tenperatura aldaketa handirik, antolatuta dagoela edota bilaketak erraz egin daitezkeela: «Pertsonen informazio guztia elkar lotuta dago, eta informazio osoa jaso daiteke bertan».



Audio eta grabazioez gain, azken urteetako argazkiak, kartelak, oholtzen atzeko oihalak, eta oroigarriak ere badaude bertan. Azken urteetako ondare guztia, ondo antolatuta, kodifikatuta eta katalogatuta.

Ikerkuntzaren garrantzia

Ez dira gutxi dokumentazio horren guztiaren onuradunak: bertsolariak, bertso eskolako irakasleak, herritarrak, eta, baita ikertzaileak ere. Oso garrantzitsutzat jotzen dute hori: «Azken batean, ikerkuntza ezagutzaren garapena da. Zirrikitu eta ikuspuntu asko dauzka bertso jardun batek, eta bertsolaritzak ere harreman zuzena dauka beste hainbat gairekin. Ez dokumentazio ikuspegitik soilik, baita jakintzaren eta ezagutzaren ikuspegitik ere, eta horren zabalkunderako oso garrantzitsua da egindako horren garrantzia eta balioa ezagutzea», azpimarratu du Aranburuk.

Bertsoen bidez testuinguru bakoitzarekin lotutako gauza ugari iker daitezke Aranburuk azpimarratzen duenez: «Bertsoen bidez, esaterako, garai bateko egoera soziekonomikoa azter daiteke, historia ofizialak esandakoaz gain, herri kulturak historiaren beste begiratu bat jasotzen lagundu dezake». Atzera begiratuta sekulako balioa dauka horrek, baina etorkizunera begira ere ate asko irekitzen dituela nabarmendu du Aranburuk: «Gaur egungo bertsolaritzak ere ertz asko ditu, eta badago zer ikertu. Oinarria badago, eta jendea ari da pixkanaka-pixkanaka».

Bide horretan, Aranburuk nabarmendu du Bertsozale Elkarteak azken urteetan egin duen lana: «Azken urteetan, Mintzola Ikertegiak ikerketa sustatzeko lan handia egin du, eta gaur egun, ikerlari ugari ari dira bertsolaritza eta ahozkotasuna ikertzen. Beraientzako dokumentazio hori eskuragarri izatea ezinbestekoa da. Ikerketa horiek egiten dituztenean, hona ekartzen dituzte eta guk egindako bilduma elikatzen dute», zehaztu du.

Bertsolaritzatik harago, ahozkotasuna ardatz

Azken urteetan, egitasmoari oinarria jartzen aritu dira: datu-baseak, zerbitzua, diseinua, material bilketa, antolaketa eta dokumentazioa eskaintzeko irizpideak fintzen. Oinarriak finkatu dituzte, eta beren egitekoa ez da bertsolaritzaren dokumentazio lanera mugatzen. Ahozkotasuna ardatz hartuta, Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak antolatzen dituzte eta Kulturarteko Mapa ere eskuragarri jarri dute, besteak beste. «Euskarazko dokumentazioaren egoerak kezkatuta hasi ginen jardunaldiak antolatzen 2014. urtean. Egia da badaudela hainbat erakunde (liburutegietako profesionalak, dokumentazioko profesionalak, kantuzale elkarteak...) euskarazko jardunak dokumentatzen aritzen direnak, baina harreman gutxi daukagu elkarrekin, eta jardunaldi horien helburua da elkar ezagutzea, ditugun kezkak ezagutzea eta horien inguruan hausnartzea», azaldu du.

Bestalde, 1998an, Bertsozale Elkarteak ikusi zuen Euskal Herriaz gain, tradiziozko jardun inprobisatuak munduko beste hainbat tokitan ere bazeudela. 2003an Nazioarteko Topaketak antolatu zituen Bertsozale Elkarteak eta oso harreman «interesgarria» eta «emankorra» sortu zen. Topaketa horiez gain, beste pauso bat ematea erabaki zuten: «2016an beste jardunaldi batzuk antolatzeko proposamena egin zen, baina dokumentazio ikuspegitik zerbait iraunkorragoa egin nahi genuen. Datu base bat martxan jartzeko proposamena egin genuen eta bertan jartzen dugu nazioartean dauden hainbat jardunei buruzko informazioa», adierazi du Aranburuk. Beren helburua ez da hori guztia hornitzea, lan tresna bat eskaintzea baizik: «Gure helburua abiapuntu bat eskaintzea da eta bakoitzak bere tokitik mapa elikatzea: bibliografia, ikerketak, ezaugarriak, informazioa, etab. Momentuz 100 bat adierazpide daude, eta edonork elika dezake mapa».

Azken urteetan, ahalik eta zerbitzurik osatuena eskaintzeko lan handia egin dute, baina etorkizunean ere ez daukate geldirik egoteko asmorik: «Momentu honetan, atal gehienak daude sarean, baina argazkiak falta zaizkigu, esaterako. Gaur egun, herritarrek eskatzen dutena da dena interneten egotea, eta ari gara poliki-poliki elikatzen. Proiektu guztia hor egotea nahi dugu, gutxienez lagintxo bat», azaldu du Oihana Aranburuk.

Herritarrak animatu ditu biltegia hornitzen laguntzera: «Herritarrek beren ordenagailuan dituzten dokumentu horiek bilduma osatu dezakete, eta herritar guztiek erabili». Urte hauetan guztietan, herritarren babesa sentitu dute baina proiektua handitzen jarraitzea da euren nahia: «Ondare hori ezagutzen dutenek badute kezka hori, eta ekartzen dizkigute grabazioak. Oso lan txikiak dira, ia ikusezinak, baina urte askoren buruan ikusi dugu zein forma hartu duen, eta aurrera begira ere horretan jarraitzeko indarra ematen digu».

Argi dute merezi duela lan horrek, eta bidea egiten jarraitu nahi dute: «Gero eta proiektu ezagunagoa eta biziagoa da». Duela 27 urte hasi zen bidea, eta ahozkotasunaren eta bertsolaritzaren ondarea elikatu nahi duenak irekita ditu Villabonako Subijana Etxeko ateak: «Etorri, ikusi eta kontsultatu». Jarrai dezala ahozkotasunaren eta bertsolaritzaren ondareak handitzen eta osatzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!