Santio Jaiak 2016

Santioren omenez, hamaika ekitaldi

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkola Agirrezabala 2016ko uzt. 25a, 16:47

Goiz goizetik hasi da festa giroa Villabonan, eta izan da ekitaldiak hasterako etxera joateko denborarik eman ez dionik ere. Izan ere, 8:00etan, Diana izan da herriko kaleetan, dultzaineroek alaituta. 

10:30etan haurren krosa izan da, eta benjaminek eta alebinek hartu dute parte. Haurren ondoren, infantilen, kadeteen, jubenilen eta helduen krosa izan da. Infantileek eta kadeteek 2,5 kilometro egin behar izan dituzte; jubenilek ia bost kilometro, eta helduek 7,5. Gizonezko beteranoen kasuan, Raul Gomez Margallo lasartearrak irabazi du, eta Joseba Jauregi Leunda eta Patxi Urizar Otamendi izan dira bigarren eta hirugarren. Emakumeei dagokionez, Alazne Irureta Garate izan da irabazlea, eta Leire Lizarralde Zalacain eta Miriam Perez Balerdirekin batera osatu du podiuma. 

11:15etan udalbatzaren desfilea izan da. Udaletxetik abiatu dira, eta bisita egin dute Santiago egoitzara, Loatzo Musika Eskolako txistulariak lagun zituztela. 12:15etan, herriko balkoi politenaren eta programako portadaren sari banaketa egin dute. Lehenengo lehiaketari dagokionez, lehen saria Edurne Zalduak irabazi du, bigarrena, Miguel Angel Gonzalezek, eta hirugarrena Izaskun Irizarrek. Saria berezia irabazi du Otsabi 4 eraikuntzak. Festetako egitarauaren portadaren lehiaketa, berriz, Flori Garciak irabazi du. Irabazle guztiek bonoak eskuratu dituzte herriko dendetan gastatzeko. 

12:30etan hasi dira haurren algara eta negar saioak. Erraldoien, buruhandien eta ipotxen kalejira egin dute herrian zehar, eta haurren eta buruhandien arteko korrika saioak izan dira Villabonako kaleetan. 13:00etan, Soka Dantzaren txanda izan da. Oinkari Dantza Taldeko kideez gain, udalbatzeko kideek hartu dute parte. Desafioa eta agurra dantzatu dituzte aurreskulariak eta atzeskulariak, eta axeri dantza dantzatu dute parte hartzaile guztiek. Herritar ugari animatu dira dantzatzera, eta denek betera dantzatu dituzte fandagoa eta arin arina. Kalejira egin dute denek saioarekin amaitzeko. 

Dantza saioa amaitu, eta bazkaltzeko ordua iritsi zaie villabonatarrei, arratsaldean jarraituko baitu festak herrian. 18:00etan sokamuturra izango da, eta 22:00etan Oinkari Dantza Eskolaren emanaldia izango da Olaederra kiroldegian. 00:00etan, Akerbeltz taldearen eskutik erromeria izango da Erreboteko plazan; eguerdiko dantza saioak, beraz, izango du jarraipena. 

Bestalde, uztailaren 29ko koadrilen bazkariko mahaiak eta aulkiak jasotzeko zerrenda jakinarazi du Villabonako udalak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!