SAPERE AUDE

Zientziak gaztetu gaitzake?

Erabiltzailearen aurpegia Ane Amundarain 2021ko urr. 25a, 07:57

Agian Isabel Preysler-ek betiko gazte mantentzearen sekretua ezagutuko du, baina gainontzeko pertsonak jaio, hazi, zahartu eta hil egiten gara. Bizitzaren zikloa da, baina zeinen gogor borrokatzen dugun denboraren iragatearen aurka! 

XXI. mendean mota guztietako krema, dieta, kirol, ebakuntza kirurgiko,… dauzkagu benetan dugun adina ahalik eta ondoen disimulatzen saiatzeko. Baina, zer pentsatuko zenukete zientziari esker adina disimulatzetik benetan gaztetzera pasa gaitezkeela esango banizue?

Bada, hauxe da Silicon Valley-eko zenbait guru-ren apustu berria, tartean Amazon-eko Jeff Bezos egonik, pertsonak gaztetzea helburu duen Altos Labs enpresa sortu baitute. Eta horretarako, arloko zientzialari onenak fitxatu dituzte, Champions-eko futbol talde bat izango bailiran. Izan ere, enpresa honen helburua zahartzea «bizitzaren legea» izatetik gaixotasun modura ikustera pasatzea da. Izan ere, zahartzea gaixotasuna bada, manipulatu eta tratatu daiteke. Honela, Altos Labs-ek zahartzearen alorra guztiz iraultzea espero du, lehen aldiz zahartzaroaren aurkako terapia eraginkorrak garatu eta komertzializatu nahi baitituzte. Pentsa nolako negozioa izan daitekeen…

Altos Labs-ek zahartzearen alorra guztiz iraultzea espero du, lehen aldiz zahartzaroaren aurkako terapia eraginkorrak garatu eta komertzializatu nahi baitituzte

Funtsean, laborategian gaztetzearen ideia honen oinarrian birprogramazio zelularra dago. Birprogramazio zelularra laborategiko baldintzetan zelulak gaztetzeko estrategia bat da, baina Altos Labs-en arabera, estrategia honek animalion gorputz osoak gaztetzeko balio dezake, honela giza bizitza luzatzeko aukera eskainiz. Birprogramazio zelularrari esker, zelula heldu espezializatuak egoera primitibo batera itzuli daitezke, berriro ama-zelula enbrionarioen ezaugarriak berreskuratuz. Zelula testu hau balitz, orain arteko hitz guztiak ezabatu eta berriro orri zuriaren aurrean jartzea bezala izango litzateke. Shinya Yamanaka zientzialariak 2012. urtean Nobel saria jaso zuen biprogramaziorako teknika lehen aldiz deskribatzeagatik (bide batez, Altos Labs-ek Yamanaka ere fitxatu duela uste da), horretarako «Yamanakaren faktore» deituriko lau geneak erabiliz. Izan ere, lau gene hauek zelula heldu batean sartzea nahikoa da ama-zelula egoerara itzultzeko. Pentsa, modu honetara, laborategian 80 urteko pertsona baten zelula bat hartu eta bere adina 40raino murriztu daiteke!

Biprogramazioaren potentziala ikaragarria bada ere, teknologia honek oraindik bide luzea du egiteko gizakiok gaztetzea lortu aurretik. Hasteko, ez baita oraindik guztiz ulertu Yamanakaren faktoreek nola funtzionatzen duten. Faktore hauetako batzuk minbiziaren eragile modura ere ezagunak dira (onkogene delakoak), eta saguetan aplikatu ondoren, zelulak gaztetzeaz gain teratoma izeneko tumore enbrionarioak eragiten dituztela ere ikusi da. Beraz, gakoa faktore hauen erabilera egokian egon daiteke: nahikoa zelulak gaztetzeko, baina ez tumoreak eragiteko adina. Era berean, zelula helduak ama-zelula egoerara itzultzeak zelula horiek gaztetzeaz gain, beren identitatea galtzea ere badakar. Hau da, neurona bat ama-zelula egoerara arte gaztetu genezake, baina jada ez da neurona bat izango. Beraz, nola lortu gazteagoa izan eta aldi berean neurona izaten jarraitzea?

Zalantzarik gabe, zahartzaroaren aurkako terapietan dagoen interesa ikaragarria da (bestela galdetu zimurrak ezabatzeko botox-a injektatzen direnei), baina oraindik birprogramazio zelularrak bide luzea du egiteko terapia erreal bihurtu arte. Eta behin lortuta, hasieran behintzat ez dirudi Gizarte Segurantzak estaliko duen tratamendua izango denik…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!