SAPERE AUDE

Darwinek bai jakin

Erabiltzailearen aurpegia Ane Amundarain 2021ko ots. 22a, 09:58

Urtebete pasa da Zaldibarko hondamendia gertatu zenetik. Eta ia urtebete COVID-19a dela eta konfinamendu orokorra ezarri zenetik. A ze urtea! Behintzat, COVID-19aren izurria gelditu dezaketen txertoak badauzkagula dirudi, txertaketa motel xamarra izaten ari bada ere. Gainera, azken asteetan birusaren aldaera kutsakorragoen inguruan kezka sortu da, behin tunelaren bukaeran argia ikusten hasita geundenean…

Nola eta, behin txertoak garatu ditugunean, koronabirusari mutatzea okurritu zaio! Izan ere, irakurle maiteok, birusek ere Darwinen eboluzioaren arauak betetzen dituzte, ikusten ari garena hautespen naturala besterik ez baita. Honen arabera, ekosistema batean indartsuenak edo hazteko abantailaren bat dutenak dira iraun eta ugaltzen direnak, desabantailan dauden espezieen kalterako. Abantaila hauek geneetan gertatzen diren mutazioetan dute jatorria. Mutazio kontzeptuak gehienontzat adiera negatiboa badu ere, berez, mutazioak geneetan ematen diren aldaketa aleatorioak dira, geneak kopiatzean egiten diren akatsen ondorioz sortuak. Hauetako batzuk kaltegarriak izango dira, beste batzuk ez dute eraginik izango, eta beste batzuek espeziearentzat abantailak suposatu ditzakete. Eta hauxe da COVID-19arekin gertatzen ari dena.

Birus bat bagina, gure helburua ahalik eta gehien ugaltzea litzateke. Pentsa, birusek ugaldu besterik ezin dute egin, horretarako ostalariaren zelulen makinaria erabiliz. Ondoren, sortutako milioika birus kopiak zelulatik aterako dira zelula hori hondatuz eta zelula berriak kutsatuz. Beraz, birus arrakastatsu bat oso kutsakorra izango da, ahalik eta gehien ugaltzeko. Aldi berean, ez da oso hilkorra izango, izan ere, Ebolaren kasuan bezala, ostalaria larriki gaixotu eta hiltzen bada birusari ez dio pertsona batetik bestera kutsatzeko aukerarik emango. No party, beraz. Gauzak honela, COVID-19a birus oso arrakastatsua da. Gainera, testuinguru pandemikoan momenturo munduan birusaren bilioika eta bilioika kopia egiten direnez, prozesuaren akats kopurua ere adierazgarria da. Honela, Erresuma Batuan edo Brasilen gertatu den bezala, mutazio hauetakoren batek birusari giza zelulak errazago kutsatzea ahalbidetzen badio, birus aldaera horrek abantaila izango du jatorrizko birusaren aldean. Eta gehiago hedatuko da jatorrizko COVID-19a baino arrakastatsuagoa delako.

Mutazio hauetakoren batek birusari giza zelulak errazago kutsatzea ahalbidetzen badio, birus aldaera horrek abantaila izango du

Ikusteko dago COVID-19aren aldaera berri hauek zein eragin duten: kutsakorragoak diren, gaixotasun larriagoa eragiten duten, garatu diren txertoak eraginkorrak diren… Aldaera hauek detektatu eta infekzio guztietatik aldaera bakoitzak eragindako proportzioa ezagutzeko birusaren genoma irakurri behar da, horretarako birusaren genoma sekuentziatuz. Tamalez, sekuentziazioa ez da merkea, ez diruz ezta denboraz ere. Baina, gero eta birus gehiago sekuentziatu, informazio gehiago izango dugu aldaera berri hauen inguruan, aurreko galderak erantzun eta COVID-19aren aurkako estrategia eraginkorragoak garatzea ahalbidetuz.

Bukatzeko, hausnarketa pertsonal bat. Kuadrillakoak nekatu xamar egongo zarete jada… Nago COVID-19ak gure zeluletan egiten duen sarraskia gizakiok lur planetan eragin dugun larrialdi klimatikoaren paretsua dela. Bi kasuetan, behar duguna hartzen baitugu ondorioei begiratu gabe. Eboluzioak COVID-19a eraginkorragoa bihurtu badu ere, espero dezagun gizakion kasuan kutsatzaile eraginkorragoak ez hautatzea, planetaren hobe-beharrez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!