Erantzukizunen krisia

Erabiltzailearen aurpegia Jone Amonarriz 2021ko mai. 30a, 07:58

Instagrameko influencerrei begira itsututa mugitzen du pantaila goitik behera, indiferentziaz, mundua pikutara doan belozidadean; eta abiadura berarekin ekiditen du eskale baten ondotik pasatzen den une deseroso bakoitza, nahiz eta egunerokoan etxetik lanera eta lanetik etxera bidaiak kotxez eta bere burbuilan egiten dituenez, apenas topatzen duen ikusi nahi ez duen inor. 

Beno, egiaz, astean pare bat aldiz kointziditzen du euskara hutsean hitz egiten dion lankidearekin; harekin ezin izaten du ezikusiarena egin, ezta ezentzunarena ere; gorroto du belarriprest adiera asmatu zuena.

Bizilagunen komunitateko lehendakari izatea egokitu zitzaion urtean, apropos pilatu zituen zeregin potolo guztiak, erreleboarekin batera pasatzeko ondorengoari. Eta, hala ere, kexua besterik ez du izaten ahoan hamabi hilabete horiek igaro ondoren: baxukoek terrazan duten konpostaren kiratsa etxe barruraino sartzen zaiela, goiko haur txikien zalapartek txakurra zeharo izututa dutela, ez dagoela prest diru gehiago jartzeko hirugarren solairuko laurogeita zazpi urteko amonak eskatu duen obratxoa egiteko, etxetik atera ahal izan dadin eskailerak igo eta jaitsi behar izan gabe, etab.

Berak ez daki, baina erantzukizunen krisia ordezkatzen duen pertsona eredu ezin hobea da. Ez ni beste, eta ez zu beste. Besteak. Beti baitira besteak.


Dendan produktua probatu eta ondoren Amazonetik egiten ditu erosketak, eta urtean behin Braderie-n lau xox gastatuz edo Tolosa Suspertu egitasmoko hiru bale eskuratuz garbitzen du kontzientzia. Edonola ere, klima larrialdiarekin oso kezkatuta dagoenez, aurtengo udan familia bidaia egiteko hegazkinik ez hartzea erabaki du; alternatiba gisa, abuztuan autokarabanan Mediterraneoa zeharkatzea proposatu dio bikotekideari, Espainia hegoaldetik hasi eta Italiaraino. Beraz, hilabete osoan lasai ibiltzeko, jai egun guztiak deuseztatu dizkio bere gurasoak zaintzen dituen emakumeari, diru truk, mesede bat egin diola sentitu duen bitartean.

Alabarekin kalitatezko denborarik aspaldian izan ez duela eta, umore onez dagoenez, goxokiz beteriko plastikozko poltsa erraldoi bat oparitu dio astelehen buruzuri batean; nahiz eta azken aldian irakaslearen dei bat baino gehiago jaso dituen janariarekiko jarrera desegokiak tarteko.

Maiatzaren 1ean lantoki osoak hala erabakita, greba egin behar izan du, derrigor. Mendi buelta ederra eman eta eguzkiak masailak gorritu dizkion une berean, aurrez aurre irakurri du horma batean dotore idatzita: «Zeren kontra zauden baino gehiago zer egiteko prest (BTX)». Ez da interpelatua sentitu. Ez baitago ezeren kontra, ez ezeren alde. Berak ez daki, baina erantzukizunen krisia ordezkatzen duen pertsona eredu ezin hobea da. Ez ni beste, eta ez zu beste. Besteak. Beti baitira besteak.

Oharra: Artikulu honetan hirugarren pertsona erabili da, erantzukizunetatik libratzeko tresna diskretua delakoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!