Loreak gugan

Erabiltzailearen aurpegia
JONE AMONARRIZ

Udaberriak begiak irekitzearekin batera argi izpi bat sartu da egongelako leihotik, zeharkatu ditu hezetasuna darien hormak eta, azkenean, laztandu digu azala, aspaldian ez bezala. 

Telebistari begira bagaude ere, enfokatutako gunetik kanpo dagoen inguru lausoak diz-diz egiten du, eguzkia kalera ateratzeko deika ariko balitzaigu bezala. Gu, aldiz, goxo gaude zuen etxean, lasai, elkarrekin gustura, tarte labur baterako bada ere.

Aitortu behar dut zirrara berezi bat eragiten didala urtero udaberriaren etorrerak, kolorea, energia eta bizitza dariolako. Eta, hori horrela, ezin izan diot tentazioari eutsi. Balkoira atera naiz, non martxoko eguzkiak eta haize finak nire gorputzean bat egin eta hotzikara batek barrena zeharkatu didan. Sentitutako dardarak gogora ekarri dit udaberri batetik bestera zurekin ikasitako guztia. Egunerokoan autonomo izateko zugandik jaso ditugun irakaspenak helduleku sinple bezain oinarrizkoak izan dira bizitzan aurrera egiteko. Eta, hori baino gehiago, norbere buruaren eta, batez ere, inguruaren zaintza zer den ikusi dugu zugan urte hauetan guztietan. Errotuta geratu zaizkidan jokamolde, ikuspegi eta balio horiek guztiak motxilan daramatzat hara eta hona.

Behin ere zenbatu ez nituen dozenaka eta dozenaka loreontzik okupatzen zuten balkoi estu eta luze hau. Pasioz erakusten zenizkigun adaxka berriak sortuko zituzten begiak, lore zabaldu berriak, loreontziz aldatutako landare koxkortuak... Eta guk arretaz entzun eta begiratzen genizun, aditu baten konferentzia bat jarraitzen ariko bagina bezala. Egiaz, behin ere ez duzu denborarik izan soberan, baina beti hartu izan duzu tartea landareak zaintzeko, kimu bakoitza, lore bakoitza mimatzeraino. Zenbat ordu eskainiko ote zenizkion egunero zure bizitzaren paralelismo bilakatutako lorategiari...

Balkoitik egongelara itzuli naiz. Eskutik heldu zaitut, estu. Eta irribarre egin diogu elkarri. Gogorra izan da aurtengo negua, hotza eta luzea. Horregatik, aurten inoiz baino gehiago eskertuko dugu udaberriaren aire freskoa, zuhaitzetako lore bakoitza eta egunen arnas luzea. Ziur nago zuk ere nabarituko duzula.

Balkoia hutsa egonagatik, zugan daude ureztatu eta zaindu dituzun lore guztiak, bihotzak ondo gordetakoa buruak ez baitu behin ere ahazten

Orain hutsik dago balkoia. Ahanztura etorri den bide beretik joan baitira loreak desagertzen, petaloz petalo, etapaz etapa. Behin eta berriz ureztatu dituzulako, kontua galduta, inoiz urik gabe utziko zenituen beldurrez; eta horrela, loreak egarriz ez edukitzeagatik, oharkabean, ito egin dituzu. Eta guk? Guk desagerrarazi egin ditugu, loreontziak kentzea zuri lana kentzea zelakoan; nahiz eta, funtsean, ezintasuna izan erabakiaren muina.

Ezinaren zama kentzearen izenean, loreekin batera beste gauza asko ere kendu dizkizugu edo kendu dizkizu —dizkigu— Alzheimerrak. Baina badira batzuk behin ere joango ez direnak. Balkoia hutsa egonagatik, zugan daude ureztatu eta zaindu dituzun lore guztiak, bihotzak ondo gordetakoa buruak ez baitu behin ere ahazten. Guk ere gurekin daramatzagu, gugan erein eta loratu duzulako zure buru eta bihotzaren hazia. Eta zin dagizut, ez dela egongo negurik udaberri hori eramango duenik.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!