Kolektibitatea

Erabiltzailearen aurpegia Jone Amonarriz 2020ko urt. 12a, 05:57
Kolektibitatea. ATARIA

Arantza batek artilezko jertse bat harrapatzen badu, jantzi guztia hondatu dezake. Pintura tanta batek koadro oso bat. Eta gero eta gehiago saiatu disimulatzen, are eta handiagoa izan daiteke hanka-sartzea. Berdina gertatzen da kontraesanekin; estaltzen edota ezkutatzen saiatu ahala, handitzen joaten dira.

Kontraesan deseroso horietako bat da niretzat, batzuetan, askotan, gehiegitan, oso maiz, eta bereziki Gabonetako testuinguruan, zein erraz barneratzen ditudan mezu, «behar» eta desio artifizialak, indibidualistak. Eskaintza bereziak bateko, pelikula amerikarrak besteko, desinformazio pixka bat han eta hemen, Ikeara joateko plana asteburuan edota imajinario paralelo bat ametsetan.

Gizartea koma induzituan bizi dadin diseinatutako errezetatik jaten dugu egunero. Honela ari dira deuseztatzen kolektibitatea, kozkaz kozka, gutxi batzuen interesen alde mundua gidatzen ari direnak.

Gure bizitzak eta eskubide zibil eta kolektibo ugari daude jokoan. Argi ikusten ari gara han eta hemen egiten ari diren urraketa larriekin. Eta atzerakada honi komunitate sentimendua indartuz eta ekintza kolektiboaren bidez soilik erantzun diezaiokegu. Alegia, elkarrekin ala akabo.

Euskal Herrian, zorionez, asko gara kontzientzia hori dugunak. Badugu norekin lan egin, zeren alde borrokatu eta non elkartu. Espazio eta mugimendu horiek sendotzeko urtea izan dadila 2020. urtea. Ditugun behar eta desio kolektiboak elikatu, indartu eta gauzatzekoa.

Ildo honetatik, egitasmo berri bat aurkeztuko da udaberriaren atarian: erreferendumaren aldeko herri ekimena. Alor anitzetako eragileek bat eginda erreferendumaren alde sustatuko dute sinadura bilketa masiboa, mobilizazio-aldi baten bueltan. Epe luzeko begiradarekin abiatutako bide berri honek, beste hainbat proiektuk bezala, agerian utziko du kolektibitatearen indarra. La força de la gent.

Gehienon elkargunea da erabakitzeko eskubidea; alegia, gure bizitzetan eta komunitatean eragiten duten gaien inguruan erreferendum bidez erabakitzeko ahalmena izatea. Elkarrekin erabakiz eraikiko dugu etorkizun hobe eta justuagoa.

Hamaika arrazoi ditugu erabakitzeko. Zabal ditzagun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!