A20 Hauteskundeak

Eta hemen jarraitzen dugu, lokatza zapaltzen

Erabiltzailearen aurpegia Amalur Mendizabal 2015ko abe. 21a, 12:33

Atariak eskatutako hauteskunde ondorengo balorazioari gogoz ekin diot, autoan Madrilerako bidean noala, naiz jakin badakidan ez naizela honetan aditua. Ez naiz soziologoa, ez eta analista, are gehiago, nire burua ez dut politikaritzat jotzen (azken lau urteak horretan eman baditut ere).

Horregatik jarraian esandakoa, politika izugarri gustatzen zaion emakume, ama langile eta bizilagunaren hausnarketak dira. Gaur betiko tabernan banengo, kafe-lagunekin komentatuko nukeena.

Hauteskunde hauetan oso barneratua izan dugu,aukeran zegoen menuak urdina, gorria, morea edo laranja behar zuela. Ez dugu asmatu, ez dugu behar bezala aditzera eman, gure berezitasuna, gure izana, gure interesak Madrilen defendatzeak duen garrantzia. Izan ere guri ondo dagokigun menua gure beharrizanei erantzuten diena da eta hori ez da izaten normalean Madrilen eskaintzen digutena; plater goxoenak etxean jartzen dizkigutenak izaten dira, ezagutzen digutenek, gure tamainara prestatzen digutena. Kanpoan gaudenean faltan botatzen duguna etxean egindakoa izaten den bezala, Madrildik agintzen digutenean, erabakiak etxean hartzea desiratuko dugu.

Eta erabakiak etorriko dira, legealdi honetan aldaketa handiak aurreikusten dira, gai puntualetarako aliantza ezberdinekin seguruena. Edozein kasutan, han gure ahotsa edukitzea garrantzitsua zen eta onartu behar, gure ahotsak nahi baino gutxiago izango direla. Baina horrelakoetan lehen ere egonak gara eta moldatuko gara, bizilagunak gure izenean hitz egin beharrean gure ahotsa han entzun dadin. Pablo Gorostiagak kanpainan esaten zigun bezala:

“Urte asko dira lokatza zapaltzen, bizitzan zikindu gabe konpondu ezin diren gauzak daudelako. Urteetan zehar, jende askok, pausu bat aurrera ematea erabaki du; konpromisoarekin urrutira iritsi daitekeela adieraziz. Bidean, topo egin dugu. Elkarrekin barre egin dugu, negar egin dugu, borrokatu dugu, erori egin gara eta nola ez, zutitu egin gara. Eta hemen jarraitzen dugu. Lokatza zapaltzen. Nik argi ikusten dut.”

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!