Marmotaren urtea

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Karrera Garcia 2021ko mar. 14a, 19:59
'Marmotaren eguna' filmaren une bat. ATARIA

Agian Marmotaren Eguna izeneko pelikula gogoratzen duzue. Filmak, behin eta berriro egun berbera bizitzera kateatuta dagoen eguraldi-gizon baten bizipenak kontatzen ditu. Egoera hau filmean zehar hainbat aldiz errepikatu ondoren, protagonista konturatzen da bera dela denboraren fenomeno bitxi honetaz jabetzen den bakarra. 

Hasiera batean abantaila gisa bizi badu ere, denborak aurrera egin ahala etsipen sentimendua gogoan gailentzen zaio, bere buruaz beste egiten saiatzeraino (ez dizuet spoiler-a egin nahi baina ez duela lortzen aurreratzen dizuet).

Pelikula burura etorri zait, ni ere déjà vu luze eta etengabe baten sentipena astindu ezinik nabilelako. Gertaera bat bizi izan dudanaren sentsazio transzendentala bezain asaldagarria.

Txertoarekin esaterako. Ekitatez sortuko eta banatuko zelakoan? Erakunde publiko eta pribatuen arteko hitzarmen ilunek, etekin ekonomikoa osasunaren gainetik gailentzea, boterea dutenen txertaketak (udalerri xumeko zinegotzitik hasita, elizgizon txit gorenera), lehen eta laugarren mailako herrialdeen arteko arrakalak… Hori guztia lehenago bizi izanaren sentsazio ikaragarria dut nik.

Halaber, ezaguna egiten zait funts ekonomikoen banaketarekin batera datorren doinua. Nork, noiz, zertarako eta zeren arabera banatuko duen guztiona den dirua. Agindu digute ez dutela inor atzean utziko, pertsona ardatz duen zaintza-eredu bat dugulako. Baina betikoak eskuak igurzten ari dira berriro, eta nik hori guztia lehenago bizi izanaren sentsazio desatsegina daukat.

Gazteak beren eskubideak aldarrikatzen ikustea eta haien alde borrokatzea ez da ezer berria. Poliziaren aurretik korrika, erretako edukiontzien kea hautsiz, begiak galduz, harriak amorru bihurtuz eta jaurtikiz. Hedabideek gai honi buruzko informazio eta iritzi ugari eman dute eta kontakizun hori lehenago entzun izana zin egingo nuke.

Eta horrela jarrai nezake, adibide ugari jarriz, baina ez zaituztet aspertu nahi.

Filmean kontatzen diguten istorioa fikzioa da; ezin dugu denboraren dimentsioa kontrolatu, eta, ahalko bagenu ere, pasa dugun urtea ikusita, tamalez, behin eta berriz gertaerak errepikatzea kondenaturik gaudela esango nuke, gurpil zoro batean aurkintzen den akuriak egiten duen bezala. Pelikularen tesi nagusiak deserosoak diren eztabaidak planteatzen dizkigu: etikoa al da nahi duzuna egitea, ondoriorik ez badu ere? Eta kontrako zentzuan, zure ekintzek etorkizunean inolako eraginik ez badute, garrantzitsua al da zuzen jokatzea?

Pelikula burura etorri zait, ni ere 'déjà vu' luze eta etengabe baten sentipena astindu ezinik nabilelako

Gidoi-zinematografikoa dirudien errealitate gordin hau bizitzea egokitu zaigu, figuranteak izan edota protagonistak izan, esku artean dugun gidoia interpretatu behar dugu, aldez aurre casting-a egin eta hartu bagaituzte behintzat.

Amaitu baino lehen gaur esnatzean beste déjà vu bat izan dudala aitortu nahi dizuet, nire ama bizi den egoitzako langileak grebarako deialdia egiten ziguten... Berehala pentsamendutik uxatzen saiatu naiz neure buruari iazko kontuak direla esanez. Baina gehienetan errealitateak fikzioa gainditzen du eta amari kukua egitera joan naizenean greba-deialdirako kartelak aurpegi osoan Zast! eman dit.

Antza denez, marmotaren urtean esnatu naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!