Begietara begira

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Karrera Garcia 2020ko urr. 25a, 19:58

Gizakiak, beste animaliek bezala, ingurunera egokitzeko gaitasun berezia du. Egokitzeko ahalmen honen mailarik sofistikatuena ingurunea bere beharretara eraldatzeko gaitasuna dela esango nuke. Horri esker, prozesu ebolutiboan zehar biziraupena bermatu du. Hala ere, prozesu hori ez da doakoa eta naturaren legeekin hausteak badu bere prezioa, hainbatetan, iparra galdu duen gizarte neurotiko eta gizagabea bilakatzeko arriskuarekin. Mundu ulertezin eta konplexua eraikitzen jarraitzen badugu ere, espezie gisa oraindik mekanismo bitxi bezain eraginkorrekin funtzionatzen dugu. Horren harira, psikologiaren ikergaia den hautematearen edo pertzepzioaren arloan gertatzen den fenomeno batekin natorkizue.

Hautematea animali guztiok dugun oinarrizko funtzio kognitiboa da. Inguratzen digun errealitatea zentzumenen bidez barneratu eta prozesatzeko gaitasunari esaten zaio. Labur esanda, zentzumenek informazio inputak bidaltzen dizkigute eta gure garunak horien interpretazioa egiten du, konstruktu jakinak eraikiz eta erabiliz. Zer gertatzen da informazioa partziala denean, osagabea denean? Bada gure garunak asmatu egiten duela. Giza arrazoiketaren funtzionamendu naturala da, eta ez da arraroa batzuetan erabaki okerrak hartzera bultzatzea.

Maskarari ohitu naiz eta orain mundua osasun oihal baten bitartez hautematen ikasten ari naiz. Batzuetan ez dakit nor ari den hizketan, soinua nondik datorren ez baitut behar bezala antzematen, bestetan segundo batzuk behar ditut agurtu nauen ezaguna identifikatu ahal izateko, askotan begietara begira geratzen naiz (badaezpada) eta besteek gehiago begiratzen nautela iruditzen zait.

Zer gertatzen da informazioa partziala denean, osagabea denean? Bada gure garunak asmatu egiten duela.


Maskarak informazio ugari eta garrantzitsua lapurtu digu, baina era berean, informazio hori osatzeko aukera eman digu, hots, pertsonaren aurpegi osoa ikusten ez dugunez falta zaizkigun hazpegiak edo ezaugarriak asmatu egiten ditugu eta, are hoberena dena, asmatzen ditugun horiek ederragoak egiten gaituzte. Maskararekin denok guapoagoak gara, besteen begietara atseginagoak gara. Hautematearen legeen arabera itsusiagoak izan gintezke, baina ez, denok bestearen bertsiorik onena eraikitzea hautatzen dugu.

Horrek zer pentsatua eman dit, izan ere, sinistu nahi dut aukera dugunean bestea itsusi ikustea baino, ederra eta zintzoa ikustea hobesten dugula, joera naturala dugula gauzen alderdi ona eta ederra ikusteko eta ez alderantziz.

Ilusio bat bada ere, jarrai dezagun elkarri begietara begiratzen eta ederra dena elkar eraikitzen eta ikusten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!