Quo Vadis Humanity?

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Karrera Garcia 2020ko mar. 1a, 20:58

Lanbide heziketan gabiltzanok esku artean dugun lehen gaiaren garrantziaz eta balioaz aspalditik gaude konturatuta. Gazteak ofizio baterako prestatzeaz gain, bizitzak ekartzen dizkien erronkei aurre egiteko ere prestatzen ditugu, hots, konpetentzia sakrosantuak, duela gutxi aurkituak!

Sare digitalek oharkabean zabaltzen duten kontrola, manipulazio isilean oinarritzen den kapitalismo zelataria, diktadura digitala… gisako terminoak plazaratzen dizkizuet hausnarketa pilula gisa.

Datuen eta pantailen aroan gaude. Eredu produktibo honetan lan egin, bizi eta kontsumitzen dugu. Batzuen aburuz, kapitalismoak jantzi duen azken maskara. Historian lehen aldiz, algoritmoei esker kontsumitzailearen portaera aurreikusi eta eraldatzea posible egiten duen makineria ikusezinaren aurrean gaude. Sistema horrek, internautek mundu errealean abiatzen dituzten ekintzak eta portaerak iragartzen ditu kapitalari mesede egiteko asmo bakarrarekin. Horrela, erabiltzaileen esperientziak, portaerei aurre hartzeko datuetan bilakatuta, lehengai bihurtzen dira.

Google, Facebook... erraldoiek gure garunaren kimika dopaminikoan zuzenean eragiten dute, eta ondorioz, hitzez hitz kliken eta teklatuen yonkiak bihurtzen ari gara. Egun dauden aplikazio guztiak eredu adiktiboenean oinarritzen dira, hots, makina-txanponjaleen funtzionamenduan: sistema batek ahalik eta denbora laburrenean ustekabeko gertaera txiki gehien eragiten dituenean. Maiztasuna zenbat eta altuagoa izan, orduan eta azkarrago lotzen zara edo harrapatzen zaitu. Gertaera bat dagoen bakoitzean, dopamina txute batek eztanda egiten du gure garunean. Orain pentsatu ordubetean zenbat gertaera izaten ditugun esku artean, ondorioz zenbat dopamina txute … mendekotasunaren atarian gaude.

Aurrerapen teknologiko hauek guztiak onuragarriak edota beharrezkoak izan daitezke noski, beti ere, gizateriaren mesedetan sortzen eta erabiltzen badira. Gutxi batzuen boterea, kontrola eta ekonomia mantentzeko erabiltzen diren bitartean, badugu zertaz kezkatu eta erreakzionatu ezean konturatzen garenerako faxismo teknologikoaren aurrean aurkituko gara, eta nik dakidala faxismoa faxismoa da birtuala izan arren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!