Hausnarketarako pilulak

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Karrera Garcia 2019ko aza. 24a, 19:58

Aurrekoan euskararen normalizaziorako Hizkelan jardunaldietan egon nintzen. Hizlarietako batek kontu erraz eta zehatza planteatu zigun: - «Mesedez, pentsatzen dakien orok eskua altxa dezala».

Bat-batean, lurrak irentsiko ninduen! Hotzikara sentitu nuen! Bildutako dozenaka profesionalen artean eskua altxatu ezinik geratu nintzen: Pentsatzea ahaztu egin zait! Jada ez dut pentsatzen, zertarako? Erremedioa jarri nahian, familiako medikuarekin hitzordua eskatu nuen. Askoz lasaiago atera nintzen kontsultatik, izan ere, oso ohikoa da gertatzen zaidana, askok pairatzen omen dugu. Tira bada! Askoren mina, tontoen atsegina.

Multinazional farmazeutikoei esker sendatuko ninduen botika farmazietan eta merkatal gune handietan eskuratu nezakeen (herriko denda txikietara oraindik ez omen da iritsi, zergatik ote? Ez dakit, ez dut pentsatu oraindik). Bejondeigula kaltetutako guztioi, esperantza badugu!

Hausnarketarako Pilulak deitu diote (hauek bai pentsatzen dutela). Antidepresiboak bezalaxe, hartzen hasi eta hamabost egunen bueltan efektua egiten dute, eta zin dagizue horrela dela, bestela irakurtzen jarraitu.

Elkartuk (desgaitasun fisikoa duten pertsonen Gipuzkoako federazioak) 40.urteurrena dela eta nazioarteko biltzarra antolatu zuen eta ikasle eta lankideekin joan nintzen.

Erakunde eta elkarte ezberdinetako profesionalak entzun genituen, asko baitzegoen esateko: 40 urtean eman diren aurrerapauso, programa, neurri…, dena oso interesantea, benetan.

Ustekabean eferbeszentzia moduko bat sentitu nuen. Zer ote zen? Pilulen efektua seguru. Izan ere, esandakoaren inguruan hausnartzen eta irizpidea edukitzen hasi bainintzen. Iruditu zitzaidan, hala ere, egon beharreko guztiak ez zeudela. Akaso pilulen efektu sekundarioak?

Horra hor hausnarketarako hainbat pilula: Donostian hainbat espaloi (obra berrikoek barne) ez dituzte irisgarritasun baldintzak betetzen; Donostian bakarrik ote?, Espaloietan bakarrik? Populazio orokorrarekin erkatuz gero, kolektiboari esklusioak eta pobreziak portzentaje handiagoan eragiten dio, %25rekin Europako pobrezia tasarik altuena du, hau da, bizi baldintza kaxkarragoak izateko txartel gehiago ditu, a ze zortea! Estatuak egoitzetan inbertitzen duen %75 estatura bueltatzen da, edota, desgaitasuna duen pertsonak laguntzaile pertsonala badu portzentaje hori %90ra iristen da. Desgaitasuna duen pertsonak pairatzen duen muga ez dago pertsonari atxikituta bizi den inguruneari baizik; komunitatean bizi eta bertako kideak bagara desgaitasuna duen pertsona komunitatean jasota egon behar du, denok denonak gara eta soilik elkarri zainduz eta elkar lagunduz lortuko dugu zibilizazioa deitzen den hori.

Tira, asko pentsatu dut eta lotara noa pilula hartuta, edo ez… Zertarako?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!