Hodeiertz eta Alterum Cor, gozamena!

Erabiltzailearen aurpegia Altzoko Kultura Batzordea 2017ko mai. 21a, 13:12

Ordu eta erdiko kantu ekitaldi ederra eskaini ziguten atzo, larunbata, Altzoko elizan, Tolosako Hodeiertz eta Valladolideko Alterum Cor abesbaztek. Javier Bustok armonizatutako Mikel Laboaren "Txoriak txori"ren Nerea izango zen bertsioa elkarrekin abestuz eman zioten amaiera. Ordu eta erdiko gozamena bertan bildu ginen kantuzaleok bizitu genuena.

Luxua da gurea bezalako herri txiki batean, goi-goi mailako bi abesbatzen kantu jardunez gozatzeko aukera izatea. David Azurtza herritarrak eman digu hori, partaide den Hodeirtz abesbatzak antolatutako Kantik, I. Ahots Musika Zikloko saio bat Altzora ekarrita.

Jende betekada polita izan zuen elizak, herritarrak eta inguruetakoak bildu ziren bertara, eta inor ez zen damutu etorri izanaz. Ahots melodi ederrek eta ahots uztarketa zail eta bihurri bezain eder eta armoniotsuek, bete zituzten, hauek bai, elizako zirrikitu guztiak. Adituak ez garenontzat, zaila da letretan azaltzea ahotsez sortutako musikaren emozioa. Entzutekoa da, gozamen erabatekoa.

Hodeiertz abesbatzak ekin zion ekitaldiari eta besteren artean, Brahmsen Waldesnacht, Monteverdiren Sestina eta David Azurzak berak moldatutako Areson aleka eskaini zizkiguten. Alterum Cor-en txanda etorri zen gero eta, hauk, besteren artean, Mäntyjärviren Ave Maria, Janequinen Les chant des oiseaux eta Miguel Mazanok moldatutako Van por el aire jota gaztelarra eskaini zizkiguten. Bukatzeko, sarreran aipatu bezala, Nerea izango zen abestu zuten elkarrekin, Enrique Azurzak zuzenduta. Momentu hori jasotzen du artikulu honi lotzen zaion argazkiak. Guretzat, erremate perfektua, txaloaldi luze-luze batekin eskertu genuena.

Emanaldia bukatuta, Altzoko plazan bi abesbatzak elkartuta argazkia atera zituzten eta Elordi Elkartera joan ziren, herriko koru txikiak prestatutako afari xumea dastatzera. Han ere ez zen kantu faltarik izan. Ordain ederra.

Kantik jardunaldiko hurrengo saioa, Tolosako Jesusen Alaben Kaperan eskainiko dute, ekainaren 9an, 20:15etan, eta Sicut Pratum taldea izango da protagonista. Ezaguna dugu Altzon Christine Leboutte, David Azurza, Juliette Van Pretegem, Miren Garikano ahotsek eta Aitor Furundaren akordeoilariak osatzen duten talde honen emaria, beren prestakuntza saio irekia entzuteko aukera izan genuen-eta joan den udazkenean. Zer nolako oparia hau ere! Merezi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!