«Garbi daukat Euskaralditik kanpo ere gure ardura dela euskaraz egitea»

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri Hedabideak 2018ko aza. 15a, 11:00

Duela zortzi urte iritsi ziren Euskal Herrira Tarba Dedah gazte sahararra eta bere familia. Belarriprest rolean arituko da Euskaraldian, eta Tolosaldeko Hamaikakoko kide ere bada.

Euskara ez duzu ama hizkuntza. Nola eta noiz ikasi zenuen?
Gure jatorria Saharan dago, baina haurra nintzela, Salamancara joan zen familia. Nire lehen hizkuntza gaztelania izan zen. Euskal Herrira etorritakoan, zaila egin zitzaidan euskara ikastea. Ikastolan eta lagunekin joan nintzen trebatzen, pixkanaka. Ulertzen hasi nintzen lehendabizi, eta aurrerago, hitz egitera ausartu nintzen. Kuadrillako lagunei entzuten nizkien hitzak barneratzen nituen, eta pixkanaka geroz eta trebetasun handiagoa lortu nuen. Aurrerago, ordea, DBH-n hasitakoan, kuadrillako lagunek gaztelaniaz hitz egiteko ohitura hartu zuten. Nik ere halaxe egin nuen, eta euskaraz ikasten jarraitzeko aukerak murriztu egin zitzaizkidan. Saiatu arren, zaila egiten zitzaidan lagunek niri euskaraz egitea. Momentu horretan euskara maila galdu nuela esango nuke.

Egun, nolako harremana duzu euskararekin?
Ezezagunekin hizketan hastean, beti saiatzen naiz lehen hitza euskaraz egiten. Modu horretan, euskaraz dakitenek hala erantzuten didate. Lagunartean, nirekin gaztelaniaz aritzeko ohitura oso barneratuta dute batzuek, eta zaila egiten zait ohitura hori aldatzea. Horretan ari gara. Etxean, arabiarrez, euskaraz eta gaztelaniaz hitz egiten dugu. Anai-arreba gazteagoak ere baditut, eta lehen euskaraz gehiago egiten zuten. Hazten ari diren heinean, gaztelaniaz egiteko joera geroz eta handiagoa dutela sumatzen dut. Pena handia ematen dit horrek, izan ere, garrantzitsua iruditzen zait gaztetxotan euskaraz ondo trebatzea eta gaztelaniaz arituz gero, galdu egiten da euskaraz aritzeko trebetasuna. Nik urte asko pasa ditut gaztelaniaz hitz egiten, eta orain nabaritzen dut nire euskara maila ez dela behar lukeena bezain ona.

Nola iritsi zitzaizun Euskaraldian parte hartzeko gonbita?
Gure eskola Eusle proiektuan sartu zen. Eusle izatea egokitzen zitzaion pertsonak, euskara hutsean aritzeko konpromisoa hartzen zuen. Oso erronka erraza zela pentsatzen nuen, baina egokitu zitzaidanean konturatu nintzen ez zela horrela inondik inora, eta gaztelania erabiltzeko ohitura oso barneratuta neukala. Euskara galtzen ari nintzela konturatu nintzen, eta pentsarazi egin zidan. Imanol Artola felixek ekarri zuen gure eskolara Eusle proiektua, eta harekin hitz egin nuen gaiaren inguruan. Euskaraldiaren berri eman zidan orduan, eta zalantzarik gabe esan nion parte hartu nahi nuela.

Belarriprest rola hartuko duzu Euskaraldian. Zergatik?
Bizi guztia daramat Ahobizi izaten. Nik lan hori egina dut, eta orain besteei dagokie egitea. Euskara dakiten guztiekin euskaraz egingo dut nik, hori ziurtatu dezaket. Orain, besteei jakinarazi nahi diet nirekin euskaraz egin dezaketela. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra Belarriprest naizela adieraziko duen txapatxoa jarriko dut. Hala ere, garbi daukat Euskaralditik kanpo ere gure ardura dela euskaraz egitea. Euskal Herrian gaude eta euskara da gure hizkuntza. Zergatik egin gaztelaniaz euskara dugunean?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!