Nola egin oporretarako botikina

Erabiltzailearen aurpegia

Askotan ez diogu garrantzirik ematen, baina, oporretara joaten garenerako, ezinbestekoa da oinarrizko botikin bat prestatzea. Baina, zer sartu beharko genuke oporretako botikin horretan? Nezeser txiki batekin nahikoa izango da, betiere, ustekaberen bat gerta daitekeela pentsatuz.

Lehenik eta behin, oinarrizko tratamenduekin gogoratuko gara; alegia, urte osoan hartu behar izaten diren medikamenduekin. Adibidez, norbait asmatikoa baldin bada, eta oporretara joan behar baldin badu, bi inhalagailu hartzea komeni da. Nik beti gomendatzen diet bat gainean eramatea, eta bestea maletatxoan; lekuaren arabera, medikua eta larrialdi zerbitzuak eskura izango ditugu, baina, zenbait tokitan zailtasun handiagoak izango ditugu botika lortzeko.

Era berean, gaixotasun kroniko bat dela eta botikaren bat hartu ohi dutenentzat, ez da gaizki etortzen papertxo batean honako datuak apuntatuta eramatea: medikazioaren izena, posologia eta medikuaren izena. Izan ere, batzuetan, aduanetan zailtasunak jartzen dituzte, eta horrek balioko luke gure medikamentuak gureak direla argudiatzeko; gure medikuari errezeta elektronikoa inprimatzeko eskatzea besterik ez da egin behar.

Beste gomendio bat izan daiteke, medikamendu horiek beren berezko ontzietan eramatea. Medikamentuaren izena garbi agertzea garrantzitsua da, ez dezaten pentsa droga edo bestelako sustantziaren bat dela. Badaezpada ere, pilulak solte eramatea ez da komeni.

Zauriak sendatzekoak

Beti gertatzen dira erorikoak, eta sortzen zauri txikiak eta antzekoak. Kasu horietan, lehenengo eginbeharra zauri horiek garbitzea izaten da, eta horretarako nahikoak dira ur korrontea eta xaboia, herrestatzez sar daitezkeen germenak-eta garbitzeko.

Behin zauria garbituta, ondo legoke desinfektatzaile bat eta gazak eramatea; paketetxo bat edo bi. Desinfektatzailea izan daiteke iodoa duena, nahiz klorexidina edo kristalmina deitzen dioguna.

Azkenik, zauria estaltzeko aposituren bat beharko dugu: tiritaren bat. Guraize txiki batzuk botikinean sartzea ere erosoa litzateke, aposituak edo gazak moztu behar direnerako.

Gogora ekarri behar da, zauriek 24-48 orduz estalita egon behar dutela, zarakarra egiten zaien arte; gero libre utz ditzakegu, betiere, zauria garbi mantentzen baldin badugu.

Ibiltarientzat

Oinetakoekin urradurak sortzen dira askotan, eta ez dago gauza desatseginagorik, mendi ibilaldi baten erdian baba bat ateratzea baino.

Horrelakoetarako, nik bigarren azal moduan geratzen diren adabakitxo batzuk gomendatzen ditut. Urradura hori saihesten dutenez, nik sartuko nituzke botikinean, batez ere, ibiltariak baldin bagara.

Eta, horiekin batera, pintza batzuk ere hartzea komeni da; aurpegiko ileak kentzeko horietako bat-edo. Oso ondo etortzen dira arantzatxo bat edo hondartzako hezurtxo bat sartzen dugunerako. Areago, akainak ateratzeko ere oso baliagarriak dira, mendizaleentzat eta.

Sabela mugitzen denerako

Bidaia exotikoetan, batez ere, oso ohikoak izaten dira beherakoak, ohikoak ez zaizkigun jakiak kontsumitzeagatik, edo kalean nola-halako baldintza higienikoetan prestatutako jakiak jategatik.

Badakigu, beherakoen oinarrizko tratamendua dieta egitea eta ondo hidratatzea dela. Ondo hidratatzeko badaude ahotik hartzeko suerozko sobretxo batzuk; horiekin edariak presta ditzakegu, beherakoarekin galtzen ditugun elementu horiek guztiak sodioa, potasioa,... berreskuratzeko. Horrenbestez, gure gorputza berriro hidratatzeko, sobre pare bat sartu beharko genituzke botikinean.

Dena den, argi izan behar dugu hauek ez dutela beherakoa mozten. Beherakoarekin gaudenean, hesteetan jariakin bat izaten da, eta hanturak sortzen ditu. Horrek deshidrataziora garamatza, eta berau da beherakoaren arazo nagusiena. Bide horretan, nahiz eta ura hidratatzaile ona izan, baditu zenbait arazo: ez digu laguntzen galdutako gatzak errekuperatzen.

Jende askok galdetzen du, ea zer moduzkoak diren beherakoa mozten duten produktu horiek adibidez, Fortasec. Badaezpada ere sar ditzakegu botikinean, baina ez da komeni erabat horiek baliatzea. Zergatik? Ez dutelako beherakoa sendatzen. Beherako gehienak birikoak izaten dira, orduan, hestearen mugikortasuna handitzen da, eta hesteak ur gehiago galtzen du. Gisa horretako farmakoek hestea geldiaraztea lortzen dute, hainbeste likido galdu ez dezan.

Aldi berean, ordea, birusa hesteetan atxikitzen dute horrelako botikek. Horregatik, salbuespen metodo moduan balio dute; esaterako, autobusean 8 orduko bidaia bat egin behar baldin badugu, ondo datoz.

Pilulak, sukar, min nahiz alergientzat

Demagun sukarra igo zaigula, erori eta min hartu dugula, edo buruko minez gaudela. Analgesikoren bat edo antiinflamatorioren bat botikinean sartzea komeni da.

Izan ere, herrialde batzuetan, botika horiek ez dizkigute errezetarik gabe emango, eta, beste batzuetan, botika horiek egon ere ez dira egongo. Horrela, norberak erabili ohi duen antiinflamatorioa ibuprofeno, naproxeno,... eta parazetamola hartzea ez dator gaizki, aipaturiko ondoez horiei begira.

Pilula horiez gain, nik neuk antihistaminikoren bat ere sartuko nuke botikinean. Erreakzio alergikoren bat gertatuta ere, leku urrunetan baldin bagaude, beharrezkoak dira.

Azkenik, bidaia oso exotiko bat egin behar baldin badugu, edo leku oso indigenetara baldin bagoaz, antibiotikoak hartzea ere gomendagarria da. Ez da behar-beharrezkoa, baina mediku zerbitzuak oso urrun baldin badaude, edo irisgarriak ez baldin badira, badaezpada, espektro handiko antibiotiko bat ez dator gaizki. Nabarmentzekoa da, dena den, salbuespen egoeretan bakarrik erabili beharko genituzkeela halakoak.

Moskitoek kosk egiten dutenean

Beti izaten dute birusak eta bakterioak transmititzeko gaitasuna, eta bidaia hondatu diezagukete: malaria, fika, chikungunya,... Edo, bestela, gorputz osoan kosk egiten badigute, oso deserosoa izan daiteke.

Horrela, gure botikinean beti egon behar du moskitoak uxatzeko esprai horietako batek. Diotenez, moskitoek gu aurkitzen gaituzte, gure izerdiak isurtzen duen azido laktikoagatik, eta gure arnasketan botatzen dugun karbono dioxidoagatik. Orduan, uxagarri horiek, usain handikoak direnez, moskitoak desorientatu egiten dituzte, nolabait.

Lehen aholkua, noski, prebentzioa da, hau da: moskitoak dauden lekura ez joan, batez ere, iluntzean eta ur putzuen inguruan. Eta, ezinbestekoa baldin bada, ondo babestu beharko dugu, iluntzeetan galtza eta kamiseta luzeak eta kolore argikoak jantziz, eltxo horiek erakarriak senti ez daitezen. Gero uxagarriak erabiliko ditugu eta, esan bezala, oso leku exotikoetara baldin bagoaz, ez legoke soberan eltxo-sareren bat eramatea. Eramanez gero, intsektizidaz bustita daudenak izatea komeni da, horrela moskitoak ez baitira gerturatuko.

Prebentzioa nahikoa izan ez bada, eta eltxoek kosk egin baldin badigute, beste produkturen bat beharko dugu. Azal bakoitza desberdina da, eta batzuei sekulako erreakzioa egiten die eltxoen koskak: hanturak, gorriuneak,... Kasu horietan, kortikoide pixka bat duen pomadaren bat hartu beharko genuke botikinean, jakinda, kortikoide horrek hantura hobetuko digutela. Baina, kontuz: pomada horiek fotosentiberak dira, eta eguzkiarekin erreakzionatu egiten dute. Orduan, gauetan eta eguzkitan gehiegi egon behar ez dugunetan eman beharko genituzke. Dena den, kasu honetan nahiz beste guztietan, oso komenigarria da prospektuak irakurtzea; bereziki, eguzkitan denbora asko pasatu behar badugu.

Eguzkitako krema, beti

Botikineko ezinbesteko zatia da. Erredurak ez dira atseginak eta, are gutxiago, azaleko gaixotasunak izatea. Horregatik, beti babestu behar dugu azala, Malagara joanda edo Islandiara joanda; Malagan bezain gogor jo dezake eguzkiak Islandian.

Babes faktore altua duen krema hartu beharko dugu beti, alegia, 30etik gorakoa. Berdin du oso beltzarana izatea, eta eguzkitan ohituta egotea; babestu.

Zerrendatu ditugun gauza guztiak ontzitxo txikietan sartuta eramaten baldin baditugu, ondo tolestutako kamiseta batek har dezakeen tartea hartuko digu botikinak maletan. Eta, garrantzitsuena: estualdi askotan lagunduko digu.

Azkenik, Europara bidaiatzekoak baldin bazarete, ez ahaztu Europar Batasuneko osasun txartela ateratzea; bestela, mediku gastu guztiak ordaindu egin beharko ditugu, eta ez gutxi, gainera. Nazioarteko bidaien kasuan, berriz, asegurutxo bat egitea da gomendagarriena. Ez dira bereziki garestiak, eta oso lagungarriak izan daitezke.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!