XIBERUTIK

13.000, asko da!

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Atxega 2020ko mar. 13a, 19:58

Badirudi Zuberoako biztanleria 13.000 pertsona eskas bueltan mugitzen dela momentu hauetan. Aurkitu ditudan estatistikek diote bertako hazkunde tasa -4.5 bueltan dabilela. Ea zenbat diren 2020 bukaeran! Zuberoa osoak baino pertsona gehiago ditu Tolosak berak bakarrik, eta hauxe da hain zuzen lerro hauek isuri dituen ideia nagusia.

Ohikoa da Zuberoaz hitz egiterakoan lurralde eri bat ikustea; hizkuntza galtzen ari dena, biztanleria uxatzen duen parajea, industriarik gabeko (alegia gero oparorik gabeko) lurralde bat, gazterik izango ez duen lurralde bat… Eta zalantza askorik gabe horrelatsu izango dira. Aurrerabideak jarduera ekonomikoekin lotzen ditugu askotan; teknologia zentro modernoekin, hauek lanpostu edo langile adituekin, hauek gazteekin… Kanpotiko so orokor batetik badirudi Zuberoako lurretan ezingo litzatekeela ezer ernaldu edo harrotu. Eta hain zuzen kontrako ideia batek dakartza lerro hauek.

Askotan txundituta geratzen naiz Zuberoak duen kultur produkzio tamaina, kalitate eta garaikide izateko deierarekin, artikulu honen hasierak ematen duen ikuspuntutik. Musikari gazteak dituen reggae talde bat punta-puntan dabil aspaldion. Holako musika talde bat ez litzateke aparteko nobedade gaur egun baina badu hegoaldean nahiko ezinezko ikusten dudan lurrin bat: gazteak, reggae eta Etxahun Iruri eta Xabier Leteren hitzekin osatutako errepertorioa. Musikarekin jarraitzeak badu ez bukatzearen arriskua Zuberoan, baina esan dezadan sorkuntza ikaragarria dela kopuruan nahiz proposamen moldeetan. Musika tradizionalena oso presente den bezala proposamen garaikideenek ere leku dute Zuberoan. Sortu berri da Hor Hor proposamena adibidez. Gure idazleek sortutako testuak (Itxaro Borda, Artze …), 3 emakume, kontrabaxua, erotismoa…

Oso jakinak diren arren ezin utzi urtero errepikatzen diren maskaradak eta pastoralak. Ikusgarri hauek emateko jende asko eta dedikazio ikaragarria behar izaten da. Pastoral bat antolatzeak ia bi urte eskatzen ditu, maskaradak antolatzeak urte erdi baino gehiago…

Xiru jaialdia etorri zait gogora. Urtero, Gotainen eta Aste Santu bueltan, oso jaialdi berezi bat antolatzen da. Jaialdi xarmagarri bat da; izan ere, han ikusiko dituzu bestela ikustea zail diren gauza asko: musika tresna harrigarriak, Europa ekialdeko herrietako errepertorioak, zirku proposamenak, euskal kabaretak, Zuberoan bertan jaialdirako propio sortutako ikuskizunak… Jaialdi honetan Musiheska diskoa aurkeztu zen joan den urtean, Mixel Etxekoparrek koordinatutako diskoa. Lannemezango espetxean xirula erakusten aritzen da Mixel eta bertan entsalada eder bat sortu zuen: presondegian egin eta sortutako tresnak, irudiak, kantuak eta hitzak…

Manexaren txokoak leku muga bat duenez, beste zerbait aipatzekotan Xiberoko Botza aipatuko nuke. Zubereraz emititzen duen irrati bat da hau eta oso txukun egiten duela esango nuke. Nik etxean ia eg nero entzuten dut Xiberoko Botza bere webgunean. Zuberoako artistak oso ondo zaintzen dira etxe honetan, herrietako kontuak entzun ditzakezu, lurrari buruzkoak, nekazaritzari buruzkoak…

Kontatu dudana 100etik 10 baino ez da, eta produkzio guztiaren sortzaile eta hartzaile, 13.000 pertsona baino gutxiago dira. 13.000 zinez asko da!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!