XIBERUTIK

Maskaradez eta transmisioaz

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Atxega 2020ko ots. 8a, 19:58

Joan da gabon edo negu-opor garaia. Honetarako eta hartarako ematen dute egun hauek. Molde jakin bateko zenbait irakurgai iritsi zaizkit eskura ohiko lez: 2019ko kultura urtekariak, urteko memoria batzuk, egunkari eta aldizkari ale bereziak… Eta maiz tokatu zait transmisioaz irakurtzea. Eta niri, manex honi, Zuberoara joan zait gogoa 2020ko maskaradak jada jokatzen hasiak diren garai honetan.

Hasi aurretik esan dezadan euskararen transmisioa Zuberoan beste upeleko sagardoa dela, beste gai betilun bat.

Transmisio hitzak honako ideia hau dakart: eskarmentu duenak, jakin edo ikasi nahi duenari bere ondarea edo jakituria ematea. Honen faltaz asko hitz egiten dugu aspaldion: datozen belaunaldiek ez dakitela zer ziren gudu karlistak, Manuel Larramendi lustrazioarekin lotu behar dela, zer egin zuen Gartxotek, ez dutela euskal dantzarik dantzatuko, nor zer Imanol Lartzabal, nor gure lehen lehendakaria...

Maskarada jokoak transmisioaren adibide bikain bat direlakoan nago. Urtero-urtero herri bateko gazte guztiek maskarada jokoetan parte hartzen dute. Beraien guraso, aitona-amona, anai-arreba, alkate, lagun, lehengusuen... aurrean azterketa bat egin behar izaten dute Xiberüko komunitatekoak izango badira. Beraien arbasoen eran hitz egingo dute, dantzatuko dute, abestuko dute, jantziko dira... Haien errituak erreproduzitzen dituzte, Naturaren birsortzea jaso duten edo eman zaien bezala antzezten dute.

Urtero galdera honen gainean hausnarrean aritzen naiz: Zergatik ez dira mutatzen maskaradak? Zergatik dira hain garrantzitsu Zuberoako gazteentzat? Zergatik da ondra bat herri batek maskaradak ematea? Zergatik ez dira desagertzen?

Hainbat arrazoi dagoela ez dut inongo zalantzarik, baina bati garrantzia asko ematen diot: bolada edo modatik kanpo ibiltzea. Modak zerbaiti lizentzia eman bezalaxe kendu ere egiten dio: gaur ezin duzu arrasto argidun arroparik jantzi! Hemendik hiru urtera bai eta orain hiru urte ere bai, baina, gaur ez. Urte asko ez dela aerobic egitea oso osasuntsua zen, garaikidea… Moda zen. Orain zumba egin behar da, hori dio modak.

Nire ustez hau izan daiteke maskarada jokoen transmisio gakoetako bat. Oso purua da, egiazkoa. Ez du artifiziorik, mikrofono bakar bat ere ez da behar urte oso bateko festa prestatu eta egiteko, eta jende askori kilima mota asko sortzeko. Inauteriaren esanahi eta bihotzetik jaten du urtero. Beste ezeri hartzen ez dionez, inork ez dio ezer kentzen. Inork ez du esango estetika zaharkitua duenik eta berritu behar denik… Bere izaera artistiko propioa du. Inori ez zaio bururatuko musika zaharkitua denik eta berritu behar denik; berritzen baduzu akabo, bi urtera zaharkitua egongo da, katalogoz kanpo, ez da musikarik egongo. Herrietako plazak herritarrez betetzen dira igandero (Zuberoako neurrian): zaharrak, helduak, arizaleak, haurrak eta manexak. Lehen biek beraien burua ikusten dute jokoetan, izan ere urte batzuk atzera huraxe bera egin zuten. Haurrak erne daude urte batzuetara beraien txanda izango delako. Denek dakite zer ari den gertatzen eta horregatik inork ez du bere burua estralurtar sumatzen; holatsu da nire ustez transmisio soka.

Eta beste gakoetako bat, hizkuntza delakoan nago. Aspaldian nire inguruan ni asko eta gu gutxi sumatzen dut sortzaileen artean. Besteak beste abeslari, antzezle eta idazle askok beraien muinak dituzte proposamen artistikoaren ardatz. Eta norbera, norbera da; ez da herria, taldea edo komunitatea. Aitzitik, maskarada jokoetan inguruko auzapezak, larreak, abereak, iskanbilak, huskeriak, paisaiak, etabarrak aipatzen dira, eta gai hauek denonak diren heinean uste dut ia-ia naturalki engranatzen dela transmisioaren katea.

Jalgi, zoaz eta ikus itzazu Altzürüküko gazteak transmisio jolasean. Hori bai, joan aurretik gomendio hau: Klikatu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!