Xiberutik

Kapusai bat, bi sineste

Erabiltzailearen aurpegia

Nahiko zalaparta izan genuen Francisco Francoren gorpua hobitik ateratzearekin orain hilabete inguru. 

Zer ez ote zuen egin gaitzusteko honek? Estatu kolpe militarra jo zuen armaz, eta 45 urtez estatu buru izan zen. Zenbat tortura, zenbat min, zenbat tiro, zenbat odol, zenbat neurrigabekeria… Urriaren 24an Eliza Katolikoko ordezkari batek azken agurra eman zion pertsona honi. Falangeko hautagai 1993 eta 1994. urteetan eta Erorien Haraneko priore egun. Zenbat biolentzia eta zenbat heriotza Santiago Canteraren hitzetan, eta batez ere, kristautasunaren izenean...

Testuinguru honetan gogora etorri zait datorren urtean 2020 Zuberoako foru sistema tradizionala suntsitu zeneko laurehungarren urteurrena izango dela. Gertaera honen ingurumariko protagonista nagusi batek ere kristau kapusaia janzten zuen: Bernat Goienetxe Matalaz. Baina oso sineste ezberdina bere obratan!

1620. urtean Frantziako errege Luis XIVk Nafarroako Luis III Zuberoako lur komunak saldu zizkion Jean-Armand de Peyre jauntxoari. Hirugarren estatuak nekazalgoak eta herri xeheak lur hauek berreskuratzeko nahia izan zuen baina orduko 150.000 libera eskatu ziren, eta lur eta jabetza hauek komunitateari bueltatzeak eskatzen zuen neurrigabeko sakrifizioak, matxinada bat eragin zuen. Herria kexu, erregeak berriro erosi zituen lur hauek eta nori kobratuko faktura? Herriari! Hirugarren estatuak aurre egin zien Elizako agintariekin bat eginik zeuden Mauleko burgesia eta nobleziari. Luzeagoa eta arrunt interesgarri da istorio hau baina noan apaizaren ekimenera.

Matalaz Mitikilen sortu zen eta Bordelen egin zituen apaiz ikasketak. Bere herriko erretore zela, 1661eko ekainean, lehen aipatu matxinada gidatu zuen. Zuberoako jendarteak ukatu egin zuen nahitaezko faktura-ordainketa eta gorte erreala onartzen ez zuen sistema bat sortu zuen mitikildarrak. Matalazek hiru edo lau mila gizon bildu zituen eta aurre egin zieten hierarkia katolikoari, bertako nobleziari Iruriko Kondea nagusi eta Maule-Lextarreko burgesiari. Sohütan zenbait etxeri su eman zieten, hiriburua eta gaztelua setiatu zituzten… Matxinadaren momenturik gorenean badirudi 7.000 pertsona inguruk armak hartu zituztela!

Jauntxoek laguntza eskatu zuten Bordelen eta ziztu batean 100 zaldun eta 400 soldadu iritsi ziren Zuberoara. Urriaren 12an, «Herria, herria!» oihukatuz, ia gorrian borrokatu zuten matxinatuek, baina Sohütan garaituak izan ziren 400 pertsona hil ostean. Galtzaile gehienak Nafarroara deserriratu ziren. Matalazek ihes egin zuen baina Jentañe Dorretxean Urdiñarbe ingurutan atzeman zuten. Atxilo hartu eta Maule-Lextarreko gazteluan epaitu eta kondenatu zuten. Azaroaren 8an lepoa moztu zioten eta gazteluan ikusgai izan zen bere burua zuberotarren eskarmenturako.

Mendeetan galdu ez den mezu bat utzi zigun Matalazek:

Dolü gabe hiltzen niz, bizia Xiberoarentako emaiten baitüt.

Agian, agian, egün batez jeikiko dira egiazko xiberotarrak.

Egiazko eüskaldünak tirano arrotzen ohiltzeko.

Matalaz eta Santiago Cantera; kapusai bera baina bi sineste zalantzarik gabe.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!