Tortitak

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Artola 2021ko mar. 23a, 11:40

Oraingoan gosari eder bat egiteko errezeta azaldu digu Aintzane Artolak. Prestatzeko erraza eta apaintzeko aukera asko ematen dituena.

Gaurkoan gosari batekin animatuko gara: tortita amerikarrak. Igande batean edo egun berezi baterako gosaria izan daiteke. Izan ere, osagaiak ez dira egunero jateko modukoak.

Lehenik, likidoak diren osagaiak nahastuko ditugu. Hau da, esnea eta arrautzak. Irabiagailuaren basoan edota bol batean bi osagai hauek irabiatuko ditugu.

Ondoren, solidoak diren osagaiei helduko diegu: azukrea, irina, gatza eta bikarbonatoa. Orea bat egiten dugunean eta irina erabiltzen dugunean, eta nahiz eta gozoa izan, gatz puntu bat ere gehituko diogu beti. Orain bai, osagai guztiak nahastu eta masa lodi baten itxura hartuko dute. Ondo irabiatuko ditugu; hori bai, irinak inongo pikorrik izan ez dezan.

Orea prest dugunean, hozkailuan gorde dezakegu. Tapatuta jasotzen baldin badugu, pare bat egunez iraungo digu. Honek lana aurreratzeko aukera ematen digu; nahasketa aurreko egunean egin eta gosaltzeko orduan plantxatik pasa besterik ez dugu egin beharko.

Horretarako beraz, plantxa edo zartagin bat sutan jarriko dugu eta gurin edo olio apurtxo batekin igurtziko dugu, pegatuta ez gelditzeko. Nik gurina erabiltzen dut, zapore gozoagoa ematen diolako, baina pittin batekin nahiko da. Bero-bero dagonean, zartaginera koilarakada bat masa botatzen joango gara. Likidoa solido bihurtzen hasiko da; sutan utziko dugu, burbuilak ikusten hasten diren arte. Sua ez dugu oso-oso fuerte jarriko, erdiko puntuetan kokatuko dugu beroa. Sua beroegi jarriz gero, kanpotik erre egingo zaizkigu eta.

Esandakoa, burbuilak ikusten hasten garenean, espatula baten laguntzarekin buelta emango diegu, eta beste 30 bat segundoz beste aldetik egin daitezen utziko ditugu. Sutik atera eta jateko moduan egongo dira gure tortitak.

Azken pausoan apaintzearena dagokigu. Fruta ezberdinak erabil ditzakegu; adibidez, garaiotan marrubiak aparteko aukera izan daitezke. Platanoa, fruitu lehorrak.. aukera ugari eskura. Gainetik eztia edo siropea gehituz gero, gosari mundiala!

OSAGAIAK


- Bi arrautza.

- 200 ml. esne.

- Bi koilarakada azukre.

- Bost koilarakada gari irina.

- Gatza.

- Bikarbonato koilarakada bat (zorroko legamia ere erabili daiteke).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!