Dilista gorri krema

Erabiltzailearen aurpegia

Zaporez ohiko dilisten berberak diren arren, liseritzeko arinagoak dira dilista gorriak; afalorduan jateko egokiak.

Prestatzea, berriz, oso sinplea da, eta osagai gutxirekin plater biribila sortzeko aukera eskaintzen du.

Normalean erabiltzen ditugunak dilista pardinak edo Gaztelakoak dira, baina gaurko kasuan dilista gorriak erabiliko ditugu. Koloreagatik deitzen zaie dilista gorriak. Dilista hauen berezitasuna da oso azkar egosten direla, ez dira beratzen egun batez utzi behar, ez dute azalik eta hortaz oso azkar egosten dira. Horregatik, sopak, pureak edo kremak egiteko oso errazak dira.

Azala ez dutenez digestioa egiteko garaian,gorputzak errazago asimilatzen ditu. Horregatik, afarietarako ere aproposak izan daitezke. Lekaleekin haizeak izaten dituenak dilista gorriekin ez ditu izango, izan ere haizeak sortzen duena azala baita.

Barazkiak prestatu

Kuiatxoa, azenario eta tipula zurituko ditugu eta ondoren zatitxoetan moztuko ditugu. Ez du zertan zatitxo txikiak izan behar. Izan ere, egosi ondoren, irabiagailuatik pasako dugu eta. Behin prest ditugunean, lapiko batean oliba olioa botako dugu eta bertan zertxobait erregosiko ditugu. Behin gorritu samar daudenean, urez estaliko ditugu eta 10-15 minutuz egosten izango ditugu. Barazkiei dilistak botako diegu, gatz apurtxo bat bota eta nahi izanez gero jengibre hautsa ere bota dezakegu.  Beste 10-15 minutuz edukiko genituzke egosten. Barazkiak bigunak egongo dira eta gure dilistak.   Ondoren, irabiagailuatik pasako dugu krema bat osatze aldera. Azalik ez daukatenez dilista hauek, ez dira zertan iragazi behar. Fin-fin geratuko zaigu krema.

Apaingarri gisa

Prest izango genuke zure dilista gorrien krema, eta apaingarri gisa sesamo hazi batzuk erabili ditzakegu; sesamo beltza edo tostatua, edota baita pikatoste batzuk –ogia dadotxo batzuetan frijituta–.

OSAGAIAK

• 300 gr. dilista gorri.

• Kuiatxo bat.

• Tipula bat.

• Bi azenario.

• Oliba olio birgin goilarakada bat.

• Gatza.

• Ura.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!