Salmorejoa

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Artola 2019ko uzt. 2a, 12:01

Aintzane Artolarekin udarako aproposa den errezeta ikasi dugu egiten: salmorejoa. Plater andaluziarra da, eta tomatea da bere osagai nagusia. Gazpatxoaren antzekoa da, baina, gazpatxoa egiteko luzokerra edo pepinilloa erabiltzen da, eta salmorejoarekin ez.

Oso udakoa den errezeta bat dakarkit: salmorejoa. Andaluziarra den platera da, eta osagai nagusia tomatea du. Gazpatxoa ere ezaguna da, baina kasu horretan luzokerra edo peninoa du, eta salmorejoak ez. Niri horregatik gustatzen zait salmorejoa, luzokerrik ez duelako.

Zopa bat da, eta osagai natural-naturalekin egina. Hotza jateko da, fresko-freskoa. Hozkailuan eduki dezakezu egina, eta primeran sartzen da.

Etxean purea egiteko makina badugu bertatik pasa ditzakegu tomateak zuzenean, eta pure bat lortuko dugu. Ez badugu, errazena, tomateak hartu eta ipurdi aldetik gurutzetxo bat egingo diegu, eta irakiten ari den uretan sartuko ditugu 3-4 segundoz. Horrela, oso erraz zurituko dugu azala, egosi gabe. Edota tomateak zuritzeko hortzadun labana bat ere erabili dezakegu. Gero, guztia, irabiagailuan pasa beharko dugu.

Behin tomate purea dugula, pixkana-pixkana ogi mamia gehitzen joango gara. Bezperako ogia izan daiteke, edota moldeko ogiak ere balio digu. Gatz puntua gehituko diogu, eta baita baratxuri alea ere. Guztia irabiatuko dugu, eta lotzen joateko pixkanaka olioa gehitzen joango gara. Horrela, zopa bat lortuko dugu, baina ogi mamiak eta olioak pure itxura bat emango diote. Pixka bat lodia geratu behar zaigu, eta prest edukiko genuke gure salmorejoa. Hori bai, tomatea du eta beti hozkailuan gordeko dugu.

Nahi izanez gero, egositako erremolatxa erdi bat gehitu ahal diogu, eta kasu honetan, gure salmorejoa arrosa izango litzateke. Kolorez aldatuko da.

Osagai ezberdinak, gainetik botata

Kopa edo edalontzi batzuetan zerbitzatu dezakegu, eta gainetik, esaterako, urdaiazpiko dadotxo batzuk bota ahal dizkiogu. Edo, arrautza bat egosi, eta gainetik birrinduko diogu, edota ogi-txigorki batzuekin jarri dezakegu.

OSAGAIAK

· Kilo bat tomate (ahalik eta helduenak)

· 200 gramo ogi mami

· Baratxuri ale bat

· 150 mililitro oliba olio birjina extra

· Gatza

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!