Kale Kantoitik

Jakitea

Erabiltzailearen aurpegia

Zer pentsa eman dit EITBko Ur Handitanprogramak duela aste batzuk eman duen saioak, «Aralarko azken ausartak» izenekoak. Protagonistak Aralarko (ofiziozko) artzainetan gazteenak dira ―saioko protagonistak, Aiorak, hemeretzi urte ditu, alajaina!―, eta saioan zehar, beren eguneroko bizitza eta bizi-ikuskera kontatzen digute.

Kaletarren begietatik egindako programa da, eta nik ere ―ezin bestela egin― kaletarren larrutik ikusi dut. Kalekume erabatekoa sentitu naiz, hortxe, Kutsidazu Bidea, Ixabeleko Juan Martin etxeko sofan: zapatila zuriak jantzita esploratu gabeko lur exotikoetan barna. Tolosa «kapitalekoa», zentzurik okerrenean. Zergatik ez aitortu, musuak gorritu zaizkidala pentsatuta neuk ere artzaintza folkloretik ezagutzen dudala nagusiki: gabon kantetatik («mendi aldetik datoz, artzainak, artzainak», «artzain buru zuri bi, Antton eta Peru...») edo Basque Tourismesaten dioten horren iruditeriatik.

Alferrik da, guri, euskal «hiritarroi», umetan belaunak asfaltoz urratutako hauei, mendira txangoetara joaten garen igandezaleoi, urrun gelditzen zaigu (marraztu digute?) landa-eremua. Tolosako gazteoi etxetik larunbateroko azokara dugun distantzia eginezin berbera. Jendarteak diosku, ozen esan ere, jakintza testu-liburuetan dagoela eta akademia dela bidea, Amazonekin batera. Ameskeria, horixe: unibertsitate-titulu bat edonorako pasaportea dela sinestea. Eta behin gradu bat (gehi bizpahiru master) motxilan, eta patrikak mehar-mehar, izango garela nor mundu zabalera irteteko (mundu zabala= Mendebaldeko hiriak). Modernitatearen eta etorkizunaren (eta Instagramen) izenean, bertakoa ezagutzeko tarterik hartu gabe, atzerrirako grin ase-ezina izateko diseinatutako belaunaldiak gara: galtzak bete eduki teoriko ibiltzen gara bulego-lanen atzetik harrapazka.

Artzainek diote kalekumeok «ez dugula entenditzen ganaduaz». Sentitu dut elkarrizketatuek beren hautua justifikatu nahi izan dutela Euskal Hiriaren presioaren aurrean, erakutsi nahi izan dutela eduki akademikoena bezainbesteko lana dela artzaintza, finean, bizitza osoko ikaskuntza. Gustura jarriko nuke nire burua haien aldamenean, zein ezgauza naizen jabetzeko. Artzainek zintzarrien kalaxkaz identifikatzen dute norenak diren animaliok, eta gai dira ehun arditik gora elkarrengandik bereizteko. Batek dio dotoreziaren arabera erabakitzen dutela zein zintzarri jarri animalia bakoitzari: indartsuena edo ederrenari jartzen ei dio hotsik finena duen zintzarria. Artzain hori bera gauza da, lanbroa sartzen denean, harrien formak jarraituta etxeraino iristeko, ez, ordea, Donostian kale bat bilatzeko.

Artzainak beldur dira ez dagoelako haien ondoren lekukoa hartuko duenik.. Tradizio bati tiraka, oztopoa besterik ez dute ikusten, adibidez, mendira trasteak mandoz igo beharra, bide falta tarteko. Denborak esango du non geldituko den haiek urteetan pilatutako jakintza guztia.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!