Kale Kantoitik

Ordezkagarriak

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Mendiluze 2019ko uzt. 3a, 11:23

Uxue Alberdik Lisipe bilduman argitaratu duen Kontrako Eztarritik liburuak adin eta esperientzia askotako hainbat emakume bertsolariren testigantzak biltzen ditu. Alberdik, bertsolari horiek luze bezain zabal elkarrizketatu ondoren, emakume bertsolariek jasaten dituzten hogeita bi azpiratze-mekanismo identifikatzen ditu, eta azpimarratzen du, kategoriok, bertso-munduaz harago, azpiratze sistema orotan aurki daitezkeela.

Elkarrizketa horietan bada nabarmendu nahiko nukeen elementu bat: ordezkagarritasuna. Kontatzen dutenez, emakumezko bertsolariek lehia sentitzen dute txapelketakoak ez diren saioetan ere, emakumeek bertsotako plazaren %25 bete ohi dutenez, espazio hori nork beteko lehiatu behar direlako.
Elkarrizketatuetako batzuek sentitu izan dute merkatu zatia konpartitzen dutela beste emakume bertsolari batzuekin; adibidez, bertso-saio bateko «neska gipuzkoarraren» postua batek bakarrik beteko duela aurreikusten dutenez, gainerako «neska gipuzkoarrak» lehiakide lituzketela. Eta aurreikuspenak, noski, ez dira intuizio hutsak, (bertso-)sistema aztertzetik ondorioztatutakoak baizik. Haietako batzuek diotenez, bertsolari gizonak beste liga batean daude (baina ez dezagun ahaz, gutxi-asko lehian, haiek ere).
Kezkagarria iruditzen zait ordezkagarritasun-logika hori, bertsolaritzan bai, baina batez ere, bizitzako alor guztietan lehiak bizi gaituelako. Etxean, etxeko «politenak» tokia kendu nahiko dio etxeko «bizkorrenari», eta alderantziz. Ikasketetan, zenbakiak gara beste zenbaki batzuen kontra borrokan; garaile, ebaluazio-sistema horretara hobekien egokitzen dena. Kirolean, lanean, adierazpide artistikoetan, gazteagoen beldur: hobeto prestatuta datoz, beste «freskura» bat dute, sasoi hobea, eta modernotik gehiago dute irudiak dena balio duen jendarte batean. Baina ez da gazteagoekin bakarrik gertatzen; edonon, beti izango dira hortzak zorroztuta gu ordezkatzera datozenak: kualifikatuagoak, esperientzia gehiagokoak, jendaurrean aritzeko gu baino normatiboagoak, nagusiaren begietara gu baino duinagoak. Eta gauza bera harremanetan ere; esklusibitatea da gure balidazioa.
Beti gu baino -agoak direnei adi-adi gaude(«ederrago», «argalago», «bizkorrago», «bere buruaz seguruago»), platano azala bere bidean jartzeko irrika kontrolagaitzarekin, berak noiz irrist egingo zain, «baten beherakadak bestearen gorakada» ekarriko duelakoan, liburuko hitzak gogora ekarriz. Eta lagundu, laguntzen diegu besteei, baina muga batzuen barruan, ze, pertsona hori gu baino hobea izateko bidean doanean, orduan hasten dira komeriak.
Kontrako Eztarritik liburuko emakume batzuek egin dute lanketa, hitz egin dute inbidiaz inbidia zioten pertsonarekin, onartu egin dute jeloskortasuna, eta bertsolaritza ulertzeko beste modu bat plazaratu dute. Elkarren osagarri izan daitezkeela ikusi dute, ordezkagarri beharrean. Uste dut norberak berean ere egin beharko lukeela lanketa berbera.
Zenbateko mina egin duen umetan lagun min bat aukeratu behar izanak…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!