Kale Kantoitik

Hasierak

Erabiltzailearen aurpegia

Denok sentitzen dugu nostalgia bizitzaren momentu batean edo bestean. Mediku suitzarrak izan ziren «nostalgia» izendapena erabiltzen lehenak, XVII. mendean, eta soldaduek etxe-mina izatean zuten sentipena deskribatzeko erabiltzen zuten; soldaduek etxearen falta somatzen zuten, baina ez itzultzeko irrikaz, etsipenez baino, hura betiko atzean utzi izan balute bezala. Zabalkuntzaz, gaur egun nostalgia deitzen diogu maite dugun zerbait urruti sentitzeak ematen digun tristurari.


Barazkiak bezala, sasoi jakin batzuetan topa dezakegu nostalgia freskoen, eta horietako bat dira agurrak. Etxe-aldaketetan, ikasturtea amaitzean, udalekuen eta bidaien amaieran, praktikak amaitzean, lanpostua uztean, jubilatzean … Nostalgia datorkigu ate joka. Ai zein gustura egon naizen, ai zein azkar pasa den, gezurra dirudi, eta ai, ez dut berehalakoan ahaztuko ba, eta ai, eta ai… Agur-erritualak egiten ditugu, solemnitatea behar duelako kontuak, bestela badirudi ez dugula gozatu iraun duen bitartean, eta gozatu dugu, ezta? Tristura sentitzera behartuta gaude, besarkadak, muxuak, lore-sorta bat igual, tortilla pintxoak, eta nola ez, taldeko argazkia ezin falta dituen zeremonia batean. Protokolozko hitzak, hemen ez da ezer bukatzen, elkar ikusten jarraituko dugu, urtean behin bazkaria minimo, idatziko dizut kafetxo baterako eta beste hainbeste topiko.
Agur esatea bizilegea da, kaixo esatea bezainbat. Amaitzen ari den heinean ari zaigu dena hasten ere, nahiz gauza batzuei ofizialki agur esan eta besteei ez. Oharkabean hozten zaizkigu laguntasunak, hiltzen zaizkigu gertukoak, edo gure zaletasunen zale izateari uzten diogu. Eta amaiera horietan ez dugu tronpeta, danbor-hots, eta ereserkirik izaten.
Aldian-aldian nostalgia polita da, dosi neurtuetan betiere; aditu batzuen ustetan bizitzari zentzua bilatzeko modua ere bada. Baina ez zaitzala engaina. Nostalgiaz elikatzen denak beti usteko du hobeto bizi izan zela lehen, eta ez dela behin ere hain zoriontsu izatera ailegatuko. Eta sentitzen dut zapuztea, baina nostalgia-garra pizten digutenak ez dira oroitzapen errealak, denboraren poderioz geuk hautatutako kolore eta, batez ere, distiraz, atondutako margolanak baizik.
Bizitzako zeinahi faseren bukaeran baldin bazaude, ez dizut nostalgiarik opa. Batzuetan gauzak ixtea tokatzen baita, gero berriz hasteko. Eta ederra da gauzak hastea, irailean arkatz zorroztu berriek duten usaina bezain ederra.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!