Arriskua bidegorrian

Erabiltzailearen aurpegia

Jostailu edo garraiobide bat baino gehiago da niretzat bizikleta. Berarekin hazi eta hezi ninduten, bizitzan bidelagun izatera iristeraino. 

Txikitan, bizikletarekin jolasten ginen auzoan, eta etxeari ematen genion buelta, nork azkarren, lehenengo alde batera, bestera gero. Belatetik Amarotzera eta San Estebandik Santa Luziara, Tolosa txiki egiten zitzaigun abentura bila. Dibertigarria zen bi gurpilen gainean ibiltzea, eta ikaragarri aske sentiarazten ninduen.

Nerabezaroan, jolasean aritzetik lehiatzera pasa nintzen, egunero-egunero entrenatzera ahizpekin eta aitarekin. Kirolak eskatzen duen diziplina, lana eta esfortzua zer zen ikasi nuen. Euria goian-behean, hotz edo bero egin arren, kilometroak eta kilometroak egiten genituen, N1 errepidean!

Garai hartan ez zen errepiderik seguruena izango, baina ez zegoen beste aukerarik, luze entrenatu eta igoerak saihestu nahi izanez gero. Hala ere, inoiz ez dut beldurrik sentitu. Hori bai, zentzumen guztiak erne-erne eramaten irakatsi zigun aitak, eta ezinbestekoa zen trafiko-arauak errespetatzea istripuak saihesteko.

Gaur egun, ordea, aitortu behar dut kirioak dantzan ibiltzen naizela bizikletan, ez errepidean, baizik eta herriko bidegorrietan, lanerako edo etxerako bidean. Gaur egun ez naute auto-gidariek beldurtzen; gaur egun bizikletan ibiltzen diren gazte eta ez hain gazte arduragabeek beldurtzen naute. Goizeko lehen orduan edo arratsaldeko azken orduan, ilun dagoenean, hortxe joaten dira asko eta asko argirik gabe, kaskorik ez buruan, aurikularrak belarrietan, batzuk mugikorra eskuetan —erantzungo diezue beranduago zuen Whatsapp-ei, mesedez!—. Inondik inora, jarrera desegoki eta oso arriskutsuak!

Ama eta irakasle naizen aldetik, saiatzen naiz bizikletan seguru ibiltzen irakatsi eta eredu ona ematen seme eta ikasleei, baina ez da lan erraza, helduok jarrera okerrak izaten baditugu bizikleta gainean. Bidegorri-sarea badaukagu — egia da badela zer hobetua—, baina gure esku ere badago bidegorrietan seguruago ibiltzea. Izan dadila bizikleta garraiobide seguru eta jasangarria gure herrian.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!